Herritzarturen egoitza atariko erasoa salatu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 14:58

Maiatzaren 13an goizaldean su eman zioten Herritzarturen egoitza atarian zintzilikatua egon eta maiatzaren 7ko Usurbilgo herri galdeketako emaitzak biltzen zituen pankartari. Inguruan zebiltzan herritarren sua itzaltzeko ahalegin azkarrari esker ez zuen kalte material larririk eragin, nahiz sutea inguruko etxebizitzetara zabaltzeko arrisku handia izan zen. Handik ordu gutxira, oso larritzat jo zuten erasoa Herritzartuk eta Gure Esku Dago mugimenduak plazaratu zuten adierazpenak.

Salaketa horretara batu da orain Usurbilgo Udala. Gai honi buruzko mozioa aurkeztu zuen EHBilduk astearteko osoko ohiko bilkuran. Gehiengo osoz onartu zuten. "Kartel bati baino gehiago, galdeketa egunean parte hartu genuen 1.848 usurbildarroi eraso egin digute. Herritzartuk eta Gure Esku Dagok kaleratutako gaitzespen-oharrean zera diote: "Erabakitze eskubidea nahi dugula eta praktikara eraman nahi dugula adierazi genuen ozenki, eta hori ezin da egun batetik bestera isilarazi". Adierazpen hau sinatzen dugunok bat egiten dugu beraien adierazpenekin".

Beste bi eskertza puntu ere baditu mozio honek. Eginiko lanagatik, maiatzaren 7ko herri galdeketako antolatzaileak eskertzen ditu mozioak, "egindako lan guztiak bere fruituak eman dituelako". Eta esker hitzak baita herritarrentzat ere. "Usurbildarrok eta zubietarrok erakutsi dugun konpromisoa eskertu nahi dugu, euskal herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeagatik". 

EHBildu eta EAJ-ko udal ordezkariek babestu zuten mozioa. Mozioko 3. puntuarekin, Herritzarturen egoitza atariko erasoa salatzen zuen puntuarekin bat egin arren, beste bi puntuekin desados agertu eta mozioaren aurka bozkatu zuen PSE-ko udal ordezkariak. "Galdeketak egiteko badira beste modu batzuk", zioen Fermin Oruek.