Herritar talde bat ekainaren 24rako Ramon Unanue Matxainen omenez prestatzen ari den aitortza herritarraren baitan egingo dio Udalak ohorezko aitortza ofiziala, 2013ko azaroan zendu zen kirolari handiari.
Ekainaren 24an merezitako aitortza herritarra jasoko du, 2013ko azaroan zendutako Ramon Unanue Matxain herritarrak. Kirol munduan ibilbide oparoa jorratzeaz gain, kirol eta giza talde anitzekin eginiko lan itzelagatik omenduko da. Herritar talde bat, hilabete amaieran ospatuko den ekitaldia antolatzen dabiltza. Egun horri begira, erakunde adierazpen bat erregistratu zuten aurreko astean Usurbilgo Udalean. Astearte honetako osoko ohiko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak.
Erakunde adierazpen honek bat egiten du ekainaren 24an Unanueri egingo zaion aitortza herritarrarekin. Hala dio aipatu adierazpeneko lehen puntuak: “Ramon Unanue Matxaini aitortzea herriari eta herritarrei egindako borondatezko ekarpen aberats eta zabala, bai kirol arloan, bai kultur arloan, bai osasun arloan eta bai herria-herritarra bikoa ulertzeko moduan”.
Udala ekimen honi sostengua eskaintzera konprometitzen da, eta baita omenaldian bertan parte hartzera ere. “Ekitaldiaren amaieran senideei aitortza hitzartzea egingo zaie. Herriaren eta Udalaren izenean, Alkateak hitz batzuen bidez Ramon Unanue Matxain jaunari ohorezko aitortza ofiziala egin diezaion eskatzen dugu, parte hartuko duten gainontzeko ordezkariekin batera”.
Ramonen argazkiak biltzeko deia
Zor zaion aitortza egin eta Ramon Unanue nor izan zen ezagutzera emateko antolatzen ari dira ekainaren 24ko omenaldia. Oparoa izan baitzen 1953an Kalezarren jaio eta hil aurreko 30 urteak Orion bizi izan zituen herritarraren ibilbidea eta Usurbil zein usurbildarrei eginiko ekarpena.
Bere omenez, hainbat kirol jardunaldi ospatuko dira hilaren 24an frontoiaren bueltan, eta aitortza herritarra egingo zaio ekitaldi baten bidez. Ekitaldioz gain, Ramon Unanueren argazki bilduma bat ere ikusgai jarri asmo dute antolatzaileek omenaldi egunean bertan. Irudi sorta aberaste aldera, Ramonen argazkirik izan eta erakusketarako utzi nahiko bazenu, antolatzaileek biziki eskertuko lukete. Argazkiak xmerre@gmail.com helbidera helarazi.