Joan den martxoan Nafarroa hegoaldean ekoitzitako kontserbak eskatu zenituztenok, ostegun eta ostiral honetan, ekainaren 1 eta 2an jaso ahalko dituzue NOAUA!ko egoitzan. Produktuak jasotzerakoan egin beharko dira ordainketak.
Errigoratik berri eman dutenez, konponezina den arazo bat sortu da, era berean “zorionekoa”. “Aurtengo zainzuri kanpaina konplikatua izan da eta ez dago Nafarroa hegoalde guztian, bildu dugun zainzuri ekologiko eskaria asetzerik. 17.000 bat pote behar ditugu eta 7.000 inguru baino ez dugu”. Honenbestez, zainzuri ekologikoak eskatu dituzuenon eskaria ezin izango da ase oraingoan. “Auzolan erraldoi honen muga eta aukera berrien adierazgarri da! Lan ederra izan da ekoizleekin batera egindakoa eskaintza ekologikoa ere zabaltzeko eta hurrengo urteetarako transizioko lurrak ere badira honezkero!”, iragarri dute, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertu eta tokiko ekoizpena bultzatzea xede duen elkartasun ekimen honen sustatzaileek.
Uztaberri kanpaina oparoa
Kontserben banaketa egunotan egin arren, aldez aurretik martxoan bideratu genituen eskaerak, oliba olio bidoienekin batera. Esku-orrien bidez 30 eskaera eta Internetez beste 22 eskaera jaso genituen NOAUA!n. Guztira honenbestez, 52 lagunek eskatu zituzten, Errigorak abian jarritako "Uztaberria" elkartasun kanpainaren baitan, eskuragarri zeuden Nafarroa hegoaldean ekoitzitako oliba-olio bidoi eta kontserbak. Oliba olio bidoiak martxoaren 30 eta 31n banatu genituen NOAUA!n bertan. Kontserbak egunotan, NOAUA!ren egoitzan baita. Produktuok jasotzerakoan egin beharko dituzue ordainketak. Argibide gehiagorako:
943 360 321
elkartea@noaua.eus
Bi kanpainak batean
Iaz arte, oliba-olio bidoien kanpaina batetik eta bestetik kontserbena egiten zuten, bereizita. Bi kanpainok bateratu ditu Errigorak aurtengoan, “urtean bi udaberri izango bagenitu, bigarrena ez litzateke berria izango” eta.
Uztaberri bakarra izan dugu, eta aipatu moduan berdea, “izan ere, lehenengoz, Eskutik Eskura eskaintzen diren produktu guzti-guztiak ekologikoan eskuratu ahal izango dituzu. Udazkenean, Errigorago joan eta izatearekin amestu genuen. Bada, aurtengo eskaintza berdearekin, hasi gara dagoeneko ametsak egi bihurtzen, nekeza izan bada ere”.
Kanpaina honi begira, gaineratzen dutenez, "gogotik egin dugu lan: ekoizle gehiago topatu behar izan dugu, nekazari eta elaboratzaileak harremanetan jarri, nekazari-sindikatu eta ekoizpen-kontseiluekin lankidetza bideak garatu... Eta, hala ere, agroekologiaren bide luzearen lehen urratsak baino ez ditugu eman. Leiho txikiak zabaldu ahala, ordea, Nafarroa hegoaldeko landa eremuan eragiteko ate berriak ireki zaizkigu. Oraindik Errigorago eramango gaituzten ateak. Orain artekoak bezala, guztion artean zabalduko ditugun ateak: auzolanean eta elkarlanean".
OLIO BIDOIAK | |||
ESKU-ORRIAK (30 ESKAERA) | INTERNETEZ (22 ESKAERA) | GUZTIRA | |
Olio Konbentzionala | 31 | 11 | 42 |
Olio Ekologikoa | 35 | 20 | 55 |
Olio Lotea | 5 | 3 | 8 |
KONTSERBAK | |||
ESKU-ORRIAK (30 ESKAERA) | INTERNETEZ (22 ESKAERA) | GUZTIRA | |
Piperrak | 16 | 6 | 22 |
Piper ekologikoak | 6 | 2 | 8 |
Zainzuriak | 14 | 8 | 22 |
Zainzuri ekologikoak | 4 | 2 | 6 |
Orburuak | 10 | 4 | 14 |
Orburu ekologikoak | 3 | 0 | 3 |
Menestra | 4 | 4 | 8 |
Menestra ekologikoak | 2 | 0 | 2 |
Potxak | 1 | 4 | 5 |
Potxa ekologikoak | 1 | 1 | 2 |
Tomatea | 3 | 2 | 5 |
Tomate ekologikoak | 6 | 4 | 10 |
Kremak | 1 | 1 | 2 |
Krema ekologikoak | 0 | 1 | 1 |