Ttipikaren bi abesti, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Maketa Lehiaketan sarituak

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 1a, 11:52

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu duen Maketa Lehiaketako sarituen artean, Usurbilgo Ttipika Dantza Gidatuen taldea dugu. Lehiaketara aurkeztu ziren eta haien bi abesti hautatu dituzte beste talde batzuen zortzi kantekin batera, ekainaren erdialdetik aurrera grabatuko den CD baterako. Zorionak! Ondoko irudietan dituzue Ttipikako kideak, apirilaren 8an ospatu zen 5. Dantza Eguneko erromerian.

25 urtetik beherako parte hartzaileei zuzenduriko lehiaketara aurrez argitaratu gabea zeuden abestiak aurkeztu zitezkeen. Ezinbesteko baldintza zen, lan hauetan trikitixa edota panderoa agertzea. Hortik aurrera, nahi zen instrumentuekin grabaturiko abestiak aurkez zitezkeen bideoz. Aipatu moduan, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko zuzendaritzak osaturiko epaimahaiak Ttipikakoen bi abesti hautatu dituzte, aste gutxi barru grabatu nahi duten CD-rako; "Ezinaren eginez" eta "Iraltz arina" izenekoak hain zuzen. Beste 8 abesti ere saritu dituzte. Kanta guztion artean gainera, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia oriotar eta zarauztarrak txapelketara aurkeztutako "Barruan daukagun umea" abestiarekin bideoklipa grabatuko du trikitixa elkarteak. Honatx kanta sarituen zerrenda:

-"Melodia zainetan", Hor dun koxka.

-"Plazabarrena", Irati Gutierrez.

-"Laztanen preso", Irati Gutierrez.

-"Barruan daukagun umea", Julen Alonso eta Eneritz Aulestia.

-"Zauriak", Beñat Zaton.

-"Baltsa", Olatz Alberdi eta Idoia Asurmendi.

-"Ezinaren eginaz", Ttipika.

-"Iraltz arina", Ttipika.

-"Txuri gorri berdea", Gotzon Batikon.

-"Kalejira", Uxue Kerejeta eta Andoni Orue.