Maiatzaren 7an Zubietan eta Usurbilen ospaturiko herri galdeketen ostean, erabakitze eskubidearen aldeko hitzordu berri bat dugu ate joka. Nazio mailakoa, ekainaren 10ean, arratsaldeko 17:30etan Bilboko Euskadi Plazatik Eliptika Plazara ospatuko dena. Bi guneon artean, galdera ikur erraldoi bat irudikatu nahi da euskal herritarron laguntzaz. Amaieran gainera, Gure Esku Dago mugimenduak azken hilabeteotan landutako Herritarron Ituna aurkeztuko du. Itunak Euskal Herrian erabakitze eskubidearen alde orain arte lortutako adostasun eta oinarriak biltzen ditu. "Gizarte osoarentzako tresna ireki bat izateko jaio da, baita pauso berri eta sendo bat emateko ere, erabakiaren bidean. Ekainaren 10ekoa, beraz, ez da hutsetik jaiotako ekimena; orain arte egindako lana oinarri, aurrera egiteko abiapuntua izango da", iragarri dute Herritzartu Elkartetik.
Izen emate mahaia Sutegin
Bilboko hitzorduan parte hartzeko konpromiso txartela eskuratu beharko da aldez aurretik. Txartelarekin batera, mobilizazioan erabili beharko den puxika bat ere bai. Guztia, 2 eurotan, Gure Esku Dagoren Usurbilgo lan taldeak, asteburuan (ostiralean 18:30etatik aurrera, larunbatean 12:30etatik aurrera) Sutegi inguruan jarriko duen izen emate mahaian jaso ahalko da. Bildutako dirua, antolaketa gastuetara bideratuko da. "Animatu eta parte hartu!", luzatu dute gonbita Usurbilgo Gure Esku Dagoren lan taldetik, Ekainaren 10ean Bilbora joateko autobus zerbitzua antolatu asmo du Usurbilgo Gure Esku Dagok.
Informazio gehiago:
usurbilgureeskudago@gmail.com
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU