Tomaxen abentura berriak 17:00etan hasita Santuenean

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 2a, 06:26

Ikasturteko azken txanpan dira haur eta gaztetxoak. Oporraldi luzea ate joka duten honetan, hainbat aisialdi ekimen antolatu dira hilabete honetarako. Lehen hitzordua, ostiral honetarako, ekainaren 2rako 17:00etan Santueneko frontoian. Tomaxen abentura berriak dakartza Santuenea Kultur Elkarteak. “Hiru ipuin” emanaldia eskainiko du taldeak 4 urtetik gorakoentzat. “Muxugorrik Tomax liburutegira joateko konbentzituko du, han, ipuinekin antzerkiak sortuko dituztelako. Beraz, “Txanogorritxo”, “Hiru Txerritxo”, “Hamelingo txirularia”, bere erara antzeztuko dute. Barre egin, ondo pasa, kanta, dantza eta magia guztiak dibertitzeko. Hori baita gure helburua”. Emanaldiaren ostean, txokolate jana izango da. Informazio gehiago: tomaxenabenturak.com

DATOZEN HITZORDUAK

"Patata tropikala: Azken Eguzkilorea"

NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, ekainaren 20an 17:30etan frontoian. “Ongi Etorri” baserriko Kattalin herrira jaitsi eta bere lagun guztiak desagertu direla ohartuko da. Herrian ez du gertatu denaz inongo erantzunik topatuko. Beraz adorez bete eta Mari Jainkosari galdetzera abiatuko da, nahiz eta basoan betirako harrapatuta geratu daitekeela jakin. Hemendik aurrera, Kattalin, mitologian murgilduko da haziko den Azken Eguzkilorea topatzeko. Bertan, Mari, Basajaun, Tartalo, Galtzagorriak eta Jentilak ezagutuko ditu. Baita Gaueko Beldurgarria ere Patata Tropikala Antzerki Laborategiak berriro beste abentura dibertigarri batean murgilduko gaitu. Bertan txotxongiloak, maskarak, antzerkia, umorea eta irudimena dantzan ikusiko ditugu. Eusakl Kulturaren adierazgarria den euskal mitologia landuz".

Udajolaseko guraso bilera

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak, uztailaren 3tik 28ra antolatu duen udako aisialdi eskaintzan izena emana duten haur eta gaztetxoen gurasoentzako deialdia. Udajolasi buruzko argibideak jasotzeko bilera antolatu dugu ekainaren 8rako, osteguna, 17:00etan Sutegiko auditorioan.

Gaztelekua, udara begira

Hainbat irteera eta ekintza antolatu ditu Gaztelekuak uda parterako. Hasteko, larunbat honetan, ekainaren 3an, Gaztelekuko horma bat margotzeko aukera izango dute erabiltzaile talde guztiek. Argibide gehiago: gaztelekua@usurbil.eus/943 371 050

Uztailak 3 eta Uztailak 6:  Gaztelekuko pareta bat margotu (DENAK)  

Uztailak 10 eta Uztailak 13: Ur jolasak (DENAK)

Uztailak 17 eta Uztailak 20: Pizza tailerra (orea egiten ikasi) (DENAK)

IRTEERAK:

Ekainak 29:  Paintball-era irteera (DBH3)

Uztailak 7: Gamarrara irteera (DBH4)

Uztailak 14: Kayak-en ibiltzea (DBH2)

Uztailak 21: Donostiako Irlara irteera (DBH1)