Beste behin gogorarazten ari zaigu Usurbilgo Udala, hondakinik ez botatzeko lurrera. Ondoko irudiak ikusita, oraindik ere zer hobetua badugula dirudi. Mikel Laboa plazan kokatu du berriz, iazko udazken eta negu partean txoko ezberdinetan ikusgai izan genuen kaiola. Aste hasieratik dago plazan. Dagoeneko udal langileek lurrean aurkitutako hondakinez betetzen ari da berriz. Litxarreria poltsak dira gehienak.
Hondakinak lurrera ez botatzeko jarreran eragin nahi du Udalak. Zer jokabide dugun bistaratu nahi du, kontzientziatu gaitezen. Mezu argi bat du kaiolak. "Lurrera botatzen ditugun poltsa hauekin, badakizu zenbat gauza lor dezakegun? Erabili zakarrontzi horiak, ez bota lurrera. Etxean egiten duzuna, kalean zergatik ez? Herriak eta ingurugiroak eskertuko dizu".