Usurbilgo jaietan jendetza, ehunka lagun bildu ohi dituen zikiro-janerako txartelak salgai jartzera doaz antolatzaileak. Adi beraz. Beste urteetan ere, otorduak duen arrakastaren adierazle, sarrerak eskuragarri jarri eta denbora tarte laburrean agortu ohi dira. Azken orduko aldaketarik ez bada, asteburutik aurrera salgai izango dira zikiro-janerako txartelak, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan. 25 eurokoa izango da prezio orokorra, ikasle eta langabetuek 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte. Zikiro-jana uztailaren 1ean ospatuko da, Askatasuna plazan.
Bi bertsopaper lehiaketa
Batetik, ohi bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrentzako 41. Bertsopaper Lehiaketa antolatu da hilabete barru ospatuko diren jaien harira. Lanek 8-10 bertso artekoak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Bestalde, estreinakoz, LH5 eta 6 mailetako usurbildarrei zuzenduriko txapelketa ere antolatu dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak. Hiru gai jarri zaizkie aukeran eta horiei buruz idatzi beharko dute: Santixabelak, udako oporrak edo Usurbilgo txokoak. Bi bertso idatzi beharko ditu parte hartzaile bakoitzak.
Bi txapelketa hauetarako lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira helbide honetan: Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Egileak izengoitiz aurkeztu beharko du lana. “Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Txapelketon sari banaketa, ekainaren 29ko jaietako bertso saioaren amaieran ospatuko da.
Danborradako entseguak
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ere danborrada ospatuko da Usurbilgo jaietan. Uztailaren lehen egunean izango da, larunbatez honenbestez, 19:00-21:30 artean irtengo dira kalejiran. Danborrada prestatzeko entseguak ekainaren 14an abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero bilduko dira danborradan parte hartu nahi duten herritarrak, 20:00-21:00 artean Udarregi Ikastolako frontoian egingo dituzten entsegu saioetan.
“Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”
Sormena lantzeko aukera ederra eskaintzen du Usurbilgo jaietako Pintura Lehiaketak. Aurten, festetako lehen egunean, txupinazo aurretik eta arratsaldez ospatuko da hamabosgarren edizioa, ekainaren 29an, 16:30etatik aurrera frontoian. Jai Batzordeak jada erabaki du, 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txapelketan parte hartu nahi dutenen sortze lanetarako gaia zein izango den: “Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”. Hasi buruari eragiten.
Egitarauaren diseinua eta txupinazo jaurtzaileak, hautatuak
Jaietako egitarauaren diseinu lehiaketa Ibai Arrietak irabazi du. Bestalde, festen hasierako txupinazoa Hurbilago Elkarteak jaurtiko du.
Datozen deialdiak
Asteburutik aurrera
Uztailaren 1eko zikiro janerako txartelak salgai 25 eurotan (15 eurotan ikasle eta langabetuentzat) Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan.
Ekainak 13, osteguna
18:00 Jai Batzordearen azken bilera Potxoenean.
Ekainaren 14tik aurrera
20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.
Ekainaren 19ra arte
41. Bertsopaper eta Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketetarako lanak aurkezteko epea.