“Dantza kultura da” izenburupean, Warda Mallalek zuzenduriko munduko dantzen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da larunbat honetan, ekainak 10, arratsaldeko 18:00etan hasita Sutegiko auditorioan, sarrera sinboliko baten truke.
Munduko dantzen nahasketa eskainiko dute, Usurbila datozen Donostia, Hernani edota Bilboko talde profesional ezberdinek; polinesiar dantza, ekialdeko dantzak, indiarrak… Oraingoan ordea, hip-hopa izango omen da emanaldiko protagonista. Gonbidatuen artean, estatuan dantza eskola garrantzitsuenetarikoan, Valentziakoan lan egiten duen Sergio Alcoverrek bisitatuko gaitu. Bere garaian “Fama” izeneko telebista saio arrakastatsuko dantza eskolako irakasle izan zenak.
Kultur adierazpidea
Emanaldiarekin dantza mugimendu soil bat baino gehiago, kultura, herrialde bakoitzak bere emozioak adierazteko, kultura agertzeko eta gerturatzeko duten modua dela ere badela islatu nahi dute.
Azken urteotan, bestek besteak Dantza Egunean edota Usurbil Herri Anitza jaialdian ikusi izan ditugu. Urtean zehar Sutegin larunbat honetakoa bezalako emanaldiak ere antolatzen ditu Wardak, eremu honetan ezagun eta lagunak dituen munduko dantzetan ari diren beste talde batzuekin batera.
Wardak irakatsi ohi duen ekialdeko dantzen onurak azpimarratzen ditu. Haur, heldu nahiz adinekoentzat ikasterraza da, musikarik gabe ere ikasi baitaiteke. Hezurretako minarentzat antidoto egokia dela dio, odol zirkulazioa hobetzen edota gorputz posturak zuzentzen laguntzen du, zoru pelbikoa lantzen da gainera. Gorputz osoa baita. Eta emozioak. “Sinestezina da autoestima zenbat irabazten den dantza honen bidez. Bizi kalitatea hobetu eta segurtasuna irabazten da”, dio Mallalek ikasleei buruz.
Sortzez marokoarra, duela ia bi hamarkadatik Orion bizi da. Ibilbide oparoa egin du munduko dantzak gure artean irakatsi eta zabaltzen. Ezaguna da gure inguru hurbilean baita urrunago ere. Udala eskertu nahi du Wardak, ekitaldiok antolatzen lagundu eta dantza hauek jendearengana gerturatzeko egin ohi duen ahaleginagatik. Emanaldi hau ikasturte amaieran ospatuko da. Irailetik aurrera, Einean Guraso Eskolak antolaturiko ekimenen baitan, eskainiko duen funky eta hip-hop ikastaroan parte hartzera animatzen du. “Apuntatu, dantzok ezagutu eta proba egin dezatela. Ia etorkizunean Usurbilgo hip hop talde bat izaten dudan, lehiatu edota emanaldiak eskaintzeko”, adierazi dio NOAUA!ri.