Ramon Unanueren omeneko aitortza herritarra, auzolanean antolatzen

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 7a, 13:09

Denak ez daude ondoko irudian, gehienak bai. Kirol jarduera ezberdinetan hezi eta trebaturiko herritar taldea da, ekainaren 24rako ondo baino hobeto ezagutu zuten Ramon Unanue Matxaini merezitako aitortza herritarra prestatzen ari dena. Kirol jarduera ezberdinak ospatuko dira San Juan egunez frontoi inguruan. Ramonen argazki bilduma bat ere ikusgai izango da eta arratsalde horretarako iragarri dituzten hitzorduak borobiltzeko, aitortza herritarra egingo zaio Ramonen senideei.

Unanue omentzeko hamaika arrazoi baitago, maiatzaren 30ean Usurbilgo Udalak aitortza herritar hau egitearen alde aho batez onartu zuen erakunde adierazpenak jasotzen duenez. Ramon nor izan zen ezagutzera eman nahi dute, eginiko ekarpen itzela aitortu. “Usurbilgo ondare humanoa da”, ondorioztatzen du aipatu adierazpenak.

Kirolari eta prestatzaile aparta

1953ko martxoaren 18an Kalezarreko Iparralde etxean jaiotako herritarra “kirolari aparta izan zen 70-80ko hamarkadatan, bereziki pisu jaurtiketan. Atletico San Sebastian taldean jokatu zuen, urte batzuetan Miel Unanue lehengusu usurbildarrarekin batera. Pisu, disko eta mailu jaurtiketetan aritu zen, baina lehenengoan lortu zituen bereziki marka aipagarrienak”. Honako hauek, pisu jaurtiketan:

-Seitan Gipuzkoako txapelduna (1975-78 artean eta 1982-83an).

-Bitan Euskadiko txapelduna (1982-83).

-Laugarren Espainiako txapelketan (1975ean).

-Lehena 1979ko Espainiako Federazioen txapelketan.

-Markarik onena, 15,05 m (egungo Gipuzkoako 7. markarik onena).

Aipatu moduan ordea, denetariko kirol jardueretan aritu zen Ramon. Sokatiran, giza-proban… Herriko jardueretan zuzenean parte hartzen edo laguntzen aritu zen sarritan. Kirol jarduera gehiagorekin lotura ere izan zuen prestatzaile gisa. Usurbilgo kirol talde eta ehunka herritar prestatu eta hezi ditu. “Artista itzela izan zen prestaketa fisikoa kirol mota bakoitzera zein kirolari bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen. Eskubaloia, futbola, txirrindularitza, pilota, kale gimnasia anitza, kirol egokitua, atletismoa (pisu eta mailu jaurtiketa…), herri kirolak (harri jasotzea, giza proba, sokatira…), arraunlariak…”, dio omenaldia antolatzen ari den talde sustatzaileak aurkeztu eta Udalak aho batez onarturiko erakunde adierazpenak.

Mundu mailan ezagun egin diren eliteko kirolari bilakaturiko herritarren prestatzaile izan zen. Bi zutabe nagusitan eraiki zuen bere eskola propioa, “kirolariak norberarengan konfiantza sortzeko gaitasuna eta mentalitate jantzia”. Kirola tresna gisa baliatu zuen pertsonengana heltzeko.

Ramonen argazkiak biltzeko deia

Ramon Unanueren argazki bilduma bat ere ikusgai jarri asmo dute antolatzaileek omenaldi egunean bertan. Irudi sorta aberaste aldera, Ramonen argazkirik izan eta erakusketarako utzi nahiko bazenu, antolatzaileek biziki eskertuko lukete. Argazkiak xmerre@gmail.com helbidera helarazi.