Hezkuntza lege berriaz solasaldia gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 8a, 08:40

"Hezkuntza Lege berri baten atarian egon gaitezkeela kontuan hartuta, Usurbilgo Udarregi Ikastolak Ikastolen Elkartearekin batera gaiari buruzko hitzaldia antolatu du, Ikastolen Elkarteak egiten duen proposamena eta hausnarketa herritarrekin partekatuz. Hitzaldia Potxoenean izango da ekainaren 8an, arratsaldeko 18:30ean, eta saioa EHIko zuzendaritzako kide bat eta EHIko lehendakaria den Koldo Tellituk gidatuko dute. 

Eusko Jaurlaritzak 1993. urtean onartu zuen Euskal Eskola Publikoaren legea, egun indarrean dagoena. Itxura guztien arabera, legealdi honetarako erronka nagusietakoa du Hezkuntza Sailak Hezkuntza Lege berria ateratzea. Horren aurrean Ikastolok hausnarketa prozesu batean murgildu gara Ikastolen Elkarteak gidaturik. Horren guztiaren berri emango digute hitzaldian. Ikastolok urteak daramatzagu hezkuntza sistema osoa barne bilduko duen hezkuntza lege bat eskatzen, eta ez soilik titularitate publikoa duten ikastetxeak hartuko dituena. Hitzaldia saio irekia izango da, eta guztiei bertaratzeko gonbidapena egin nahi dizue. Zatoz!". 

Hortxe Udarregi Ikastolatik jaso dugun gonbita, ostegun honetan izango den hitzaldirako. Ikastola Eguneko ekitaldion baitan deitu dute solasaldia:

EGITARAUA

Ekainak 5-11, astelehenetik igandera

Zehaztasunak: eskulan erakusketa.

Tokia: Sutegiko erakusleihoa.

Ekainak 8, osteguna

18:30 Hezkuntza lege berriari buruzko hitzaldia Potxoenean.

Hizlariak: EHIko lehendakaria eta arduradunak.

“Hezkuntza-lege berriari buruzko hitzaldia. Hitzaldian hezkuntza-legearen garrantziaz eta EHIk duen iritziaz hitz egin eta informatuko da”.

Ekainak 9, ostirala

17:00 “Irudipuinak” ikuskizuna Irazu kaleko anfiteatroan (Eliza ondoko plazatxoa). “Emanaldi hau Mattin marrazkilari eta ilustratzaileak eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak osatzen dute. Bertan, zuzeneko marrazkiak ipuinekin uztartzen dituzte”.

Oharra: euria bada, saioa Askatasuna plazan izango da.

Ondoren, txokolate jana Askatasuna plazan.

Ekainak 10, larunbata

Udarregi Ikastolaren Eguna

09:30 Esnadeia.

09:00-12:00 LH eta DBHko ikasleen jokoak.

10:30-13:00 LH eta DBHko ikasleen eskulan eta teknologia lanen erakusketa Ikastola gorrian (Gernika Ibilbidea 11).

12:00 HHko Haur Jaialdia Oiardo kiroldegian (Ateak 11:40ean irekiko dira, sarrera ate nagusitik izango da).

14:00 Herri bazkaria eta bazkal ondorengo girotzea gurasoen eskutik frontoian.

Ekainak 16, ostirala

12:30 Ikasleek beraiek prestatutako antzerki musikatua Sutegiko auditoriumean.

Antolatzaileak: Udarregi Ikastola eta Hitz Aho Guraso Elkartea.