Gure Esku Dagoren larunbateko Bilboko ekitaldira joateko autobus zerbitzua

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 8a, 12:57

"Erabakitzeko prest gaude eta libreki eta demokratikoki galdetuak izan nahi dugu Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko. Inoiz ikusi gabeko galdera ikur erraldoia osatuko dugu denon artean. Beste mugarri bat jarriko dugu, egiten dugun urrats bakoitzak ate bat gehiago zabaltzen baitu erabakiaren bidean. Larunbatean Bilbon bilduko ditugu gaur arte sortutako borondate konpromiso eta ilusio guztiak. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu parte hartu dezaten elkarrekin gure erabakia irudikatuko dugun mosaikoan. Galdeketetan parte hartu duzuen herritarrak, galdeketa antolatzen ari zaretenak eta erabakitzeko prest zaudeten guztiak zita garrantzitsua duzue Bilbon. Ekainaren 10ean, denok Bilbora! Erabakitzeko prest gaude!", horratx Gure Esku Dago mugimendutik herritarrei larunbat honetarako luzatu zaien gonbita.

Orain arte galdeketak ospatu dituzten 142 herrietako ordezkariak ekainaren 3an Eibarren elkartu ziren, eta Bizkaiko hiriburuan milaka herritarrek eraikiko duten galdera ikur erraldoia irudikatu zuten. Lorpen itzela dela diote, jada 2017a amaitzerako galdeketak eta erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren ere eremuetara heldu ahal izatea. "Euskal Herri osoan eskubide demokratiko hau gauzatu dadin, lanean jarraituko dugula, determinazioz eta anbizioz. Gure esku dagoen guztia egingo dugu herri honetan erabakia gauzatu dadin. Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte. Horretan sinesten dugu eta hori erakutsi dugu gaur arte 142 herritan".

Mosaikoa eta Herritarron Itunaren aurkezpena

Erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazio nazionala deitu dute ekainaren 10ean, arratsaldeko 17:30etan Bilboko Euskadi Plazatik Eliptika Plazara ospatuko dena. Bi guneon artean, galdera ikur erraldoi bat irudikatu nahi da euskal herritarron laguntzaz. Amaieran gainera, Gure Esku Dago mugimenduak azken hilabeteotan landutako Herritarron Ituna aurkeztuko du. Itunak Euskal Herrian erabakitze eskubidearen alde orain arte lortutako adostasun eta oinarriak biltzen ditu. "Gizarte osoarentzako tresna ireki bat izateko jaio da, baita pauso berri eta sendo bat emateko ere, erabakiaren bidean. Ekainaren 10ekoa, beraz, ez da hutsetik jaiotako ekimena; orain arte egindako lana oinarri, aurrera egiteko abiapuntua izango da", iragarri dute Herritzartu Elkartetik.

Autobus zerbitzua

Bilboko hitzorduan parte hartzeko konpromiso txartela eskuratu beharko da aldez aurretik. Txartelarekin batera, mobilizazioan erabili beharko den puxika bat ere bai. Guztia, 2 eurotan, Gure Esku Dagoren Usurbilgo lan taldeak, asteburuetan Sutegi inguruan jarri ohi duen izen emate mahaian jaso ahal izan da. Bildutako dirua, antolaketa gastuetara bideratuko da. "Animatu eta parte hartu!", luzatu dute gonbita Usurbilgo Gure Esku Dagoren lan taldetik. Ekainaren 10ean Bilbora joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok.

HITZORDUA

Ekainak 10, larunbata

15:30 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegi paretik Bilbora. Izen ematea, ekainaren 9ra arte, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernetan.

17:30 Gure Esku Dagoren mobilizazio nazionala Bilbon. Galdera ikur erraldoia eraikiko da Euskadi plazatik Eliptika plakara. Herritarron Ituna aurkeztuko dute ekitaldi amaieran.

Informazio gehiago:

usurbilgureeskudago@gmail.com

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

gureeskudago.eus

Antolatzailea eta ondoko irudiak: Gure Esku Dago.