Jai Batzordearen azken bilera, ekainaren 12an

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 8a, 10:19

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaien antolaketa lanak azken txanpan dira jada. Festen prestaketa lanetarako azken bilera batera deitu ditu Jai Batzordeak herritar eta eragileak. Ekainaren 13rako iragarri badugu ere, ekainaren 12an izango da. Datorren astelehenean beraz, eta arratsaldeko 19:00etan (eta ez 18:00etan) Potxoenean.

Zikiro janerako txartelak

Azken orduko aldaketarik ez bada, asteburutik aurrera salgai izango dira jaietako zikiro-janerako txartelak, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan. 25 eurokoa izango da prezio orokorra, ikasle eta langabetuek 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte. Zikiro-jana uztailaren 1ean ospatuko da, Askatasuna plazan.  

Bi bertsopaper lehiaketa

Batetik, ohi bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrentzako 41. Bertsopaper Lehiaketa antolatu da hilabete barru ospatuko diren jaien harira. Lanek 8-10 bertso artekoak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Bestalde, estreinakoz, LH5 eta 6 mailetako usurbildarrei zuzenduriko txapelketa ere antolatu dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak. Hiru gai jarri zaizkie aukeran eta horiei buruz idatzi beharko dute: Santixabelak, udako oporrak edo Usurbilgo txokoak. Bi bertso idatzi beharko ditu parte hartzaile bakoitzak.

Bi txapelketa hauetarako lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira helbide honetan: Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Egileak izengoitiz aurkeztu beharko du lana. “Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Txapelketon sari banaketa, ekainaren 29ko jaietako bertso saioaren amaieran ospatuko da.

Danborradako entseguak

Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ere danborrada ospatuko da Usurbilgo jaietan. Uztailaren lehen egunean izango da, larunbatez honenbestez, 19:00-21:30 artean irtengo dira kalejiran. Danborrada prestatzeko entseguak ekainaren 14an abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero bilduko dira danborradan parte hartu nahi duten herritarrak, 20:00-21:00 artean Udarregi Ikastolako frontoian egingo dituzten entsegu saioetan.

“Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”

Sormena lantzeko aukera ederra eskaintzen du Usurbilgo jaietako Pintura Lehiaketak. Aurten, festetako lehen egunean, txupinazo aurretik eta arratsaldez ospatuko da hamabosgarren edizioa, ekainaren 29an, 16:30etatik aurrera frontoian. Jai Batzordeak jada erabaki du, 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txapelketan parte hartu nahi dutenen sortze lanetarako gaia zein izango den: “Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”. Hasi buruari eragiten.

Egitarauaren diseinua eta txupinazo jaurtzaileak, hautatuak

Jaietako egitarauaren diseinu lehiaketa Ibai Arrietak irabazi du. Bestalde, festen hasierako txupinazoa Hurbilago Elkarteak jaurtiko du.

DATOZEN DEIALDIAK

Asteburutik aurrera

Uztailaren 1eko zikiro janerako txartelak salgai 25 eurotan (15 eurotan ikasle eta langabetuentzat) Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan.

Ekainak 12, astelehena

19:00 Jai Batzordearen azken bilera Potxoenean.

Ekainaren 14tik aurrera

20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.

Ekainaren 19ra arte

41. Bertsopaper eta Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketetarako lanak aurkezteko epea.

Ekainak 23, ostirala

Egun honen bueltan banatuko Usurbilgo Udalak, jaietako egitaraua. NOAUA!k jaietako gehigarri berezia argitaratuko du.

Ekainak 29-uztailak 2

Usurbilgo jaiak. Hurbilago Elkarteak jaurtiko du txupinazoa.