2. Berdintasun Plana onartu eta aurkeztuta, egikaritzeko prest

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 8a, 12:56

Astebete lehenago, Usurbilgo Udalaren maiatzaren 30eko osoko ohiko bilkuran aho batez onartu zuten Usurbilgo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 2. Plana egikaritzeko prest da, Udalak berak pasa den asteartean Potxoenean jendaurrean aurkeztu ostean.

Gauzatzen hasteko prest

Berdintasunerantz bidea jorratzen segitzeko tresna eraginkorra izan nahi du, udalbatzak maiatzaren 30eko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Usurbilgo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 2. Planak. Iaz herritarren parte hartzean oinarrituriko prozesuaren eta azken hamarkadan eginiko lanketaren emaitza da plan hau. 2008an heldu zion gai honi Udalak. Gai honi buruzko diagnosia osatu zuen lehenik eta horretan oinarrituta 2010-14 urte atean indarrean egondako lehen plana onartu zuten. Bigarren plan hau ere lau urtez izango da indarrean; 2020. urtera arte. “Usurbilek datozen urteetan, berdintasunaren ikuspegitik, dituen erronkak eta helburuak finkatu dira; horiek lortzeko egin beharreko ekimenak ere zehaztu direlarik”, berri eman dute Udaletik.

Plan malgua izango da, aldaerak onartuko dituena. Etengabe berrikusi, ebaluatu, berritu eta moldatuko da. Eragile ezberdinen arteko elkarlan, hausnarketa, eta adostasunez bideratuko dira egitasmoak. Plan honetan aurreikusitako jarduerak burutzeko urtero, 2017-2020 urte artean, 54.000 euro bideratzea aurreikusten du Udalak. Guztira, 216.000 euro.

2. Berdintasun Plana

Indarraldia: 2017-2020.

Lan ildo eta helburuak:

-Berdintasunaren aldeko gobernantza: berdintasunerako politiken kudeaketa eta planifikazioa hobetzea; politikok lantzeko baldintzak eta baliabideak hobetu eta indartzea; udal politiketan genero ikuspegia txertatzea.

-Emakumeen boteretzea eta balio aldaketa: emakumeen autonomia eta boteretze-prozesuak sustatu, partaidetza soziopolitikoa areagotu, emakumeek herri eta gizarteari egindako ekarpena ikusarazi eta aitortu,  eta herritarrak berdintasunaren inguruan sentsibilizatzea, genero rol eta estereotipoak gainditzen dituzten balio eta eredu berriak sustatuz.

-Herri hezitzailea eta zaintzailea: herritar guztien eguneroko bizitzako beharretara egokituriko herria eraikitzea; hezkuntzaren eremu ezberdinetan berdintasunaren eta hezkidetzaren balioak transmititzea; zaintzaren erantzukidetasuna eta etika bultzatzea.

-Indarkeria matxistarik gabeko herria: indarkeria matxistaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea, eta norabide horretan Udala eragile aktibo bilakatzea; indarkeria matxista jasaten duten emakumeei babes eta arreta osoa bermatzea.

Erronkak

Besteak beste:

-Udalean, berdintasunerako politizak garatzeko baldintzak hobetzea, besteak beste, udal-langileak trebatuz eta berdintasunerako teknikariaren lan-baldintzak hobetuz.

-Kirolaren alorrean berdintasuna lantzea, kirol-taldeetan eta klubetan genero-ikuspegia txertatzeko urratsak emanez.

-Hezkidetza-programetan sakontzen jarraitzea, adin-tartea nahiz lanketa-ildoak zabalduz.

-Gizarte-antolaketa erantzunkidea sustatzea, besteak beste, zaintza-lanak ikusaraziz.

-Udalaren eta herri-eragileen (talde feminista nahiz gaiarekin sentsibilizatuta dauden norbanakoak) arteko elkarlanean sakontzea, herrian berdintasunaren alde eragiten jarraitzeko.