11 langile ospitaleratu, Dublingo erraustegian izan den istripuan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 8a, 18:40

Ingurumenean edota herritarren osasunean eragin dezakeen "gertaera arriskutsu" gisa definitu dute gaur Dublingo (Irlanda) Poolberg erraustegian gertaturikoa. Erraustegia martxan jarri eta egun gutxira istripua izan da bertan, hango hedabideak berri ematen ari direnez, kare kopuru baten ihesa izan ostean. 11 langile ospitaleratu behar izan dituzte gertaera honen ondorioz.

Alderdi berdeak, oso kezkagarritzat jo du "erraustegia martxan jarri berritan gertaturikoa. Gure pentsamenduak 11 kaltetuekin daude". Alderdi sozialdemokratako udal zinegotzietako batek adierazi du erraustegiaren funtzionamenduarekiko kezka gehitzen duela gertatu berri den istripuak eta gai honetan gardentasun handiagoa egotea beharrezkotzat jo du. Dublineko Udaleko zinegotziak ezbehar honi buruz hitz egiteko urgentziaz biltzekoak ziren goizean.

Erraustegi hau eraiki eta martxan jartzea duela bi hamarkada planteatu zuten. Proiektuak aurkakotasun handia eragin du urteotan. Dublingo udal zinegotzi ia denak aurrez proiektu haren aurka agertu ziren; 52 zinegotzi aurka eta bi zinegotzi baino ez alde. 2014an hasi ziren eraikitzen. Pasa den apirilaren 24an hasi ziren erretzeko hondakinak jasotzen. Hondakinok errausten hasi eta egun gutxira gertatu da istripua.