"Irudipuinak" eta txokolate jana, Ikastola Egunaren bezpera hau girotzeko

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 9a, 10:20

Larunbatean ospatuko den Ikastola Egunaren bezperan gara. Ikastolak berak eta Hitz Aho guraso elkarteak antolatu dituzten hitzorduen artean, haurrak protagonista izan edo haurrei zuzendurikoak diren ikuskizunak programatu dituzte. Ostiral honetarako "Irudipuinak" Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren saioa Mattin marrazkilari eta ilustratzailearekin, 17:00etan Irazu kaleko anfiteatroan (Eliza ondoko plazatxoa). Txokolate janak gozatuko du arratsalde partea.

Imanol Urbietaren abestiekin

Ikastola Egunaren baitan bestalde, ikastolako HHko haurrek "Udaberria" izeneko emanaldia eskainiko dute Oiardo Kiroldegian. Lehen aldiz, iraganean, duela 28 urte hautatu zuten gai beraren ingurukoa izango da saioa, ikuskizunon sortzaile eta ikastolako irakasle Jaione Eskuderok NOAUA!ri aditzera eman dionez. "Orain arte ez dugu gairik errepikatu, baina hain ederra da udaberria...". 

Ikuskizunaren nondik norakoak aurreratu dizkigu lerrootan. "Udaberriak, besoak zabalik ditu guztiontzat, euriarentzat, eguzkiarentzat, hotzarentzat, beroarentzat, xomorroentzat, txorientzat, loreentzat, barazkientzat, txorimaloentzat, erleentzat, pozarentzat, tristurarentzat… guztiok elkarrekin osatzen dugu udaberria.

Aurten ikusiko ditugun dantzak espresio bidetik landuta daude, nor bera pertsonaiaren barruan sartuko da eta zelaian, libre ibiliko da, solte!!! Musikarekin, kantuarekin eta naturarekin bere ahalmenean bat eginez.

Udarregi ikastola eguneko HHkoen ikuskizuna urteroko Sintonia ederrarekin hasiko da, Wagnerren "Tannhäuser" zati batekin, hain zuzen ere. Doinu hau entzun orduko barruko emozioak kanporatu egiten zaizkigu, gure haur txikiekin eta ikuskizunarekin lotura eginez. Ondorengo musikak eta kantuak Imanol Urbietarenak izango dira, hainbat eta hainbat kantuetatik ikuskizun honetarako egokienak aukeratuak".

IKASTOLA EGUNA

Ekainak 5-11, astelehenetik igandera

Zehaztasunak: eskulan erakusketa.

Tokia: Sutegiko erakusleihoa.

Ekainak 8, osteguna

18:30 Hezkuntza lege berriari buruzko hitzaldia Potxoenean.

Hizlariak: EHIko lehendakaria eta arduradunak.

“Hezkuntza-lege berriari buruzko hitzaldia. Hitzaldian hezkuntza-legearen garrantziaz eta EHIk duen iritziaz hitz egin eta informatuko da”.

Ekainak 9, ostirala

17:00 “Irudipuinak” ikuskizuna Irazu kaleko anfiteatroan (Eliza ondoko plazatxoa). “Emanaldi hau Mattin marrazkilari eta ilustratzaileak eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak osatzen dute. Bertan, zuzeneko marrazkiak ipuinekin uztartzen dituzte”.

Oharra: euria bada, saioa Askatasuna plazan izango da.

Ondoren, txokolate jana Askatasuna plazan.

Ekainak 10, larunbata

Udarregi Ikastolaren Eguna

09:30 Esnadeia.

09:00-12:00 LH eta DBHko ikasleen jokoak.

10:30-13:00 LH eta DBHko ikasleen eskulan eta teknologia lanen erakusketa Ikastola gorrian (Gernika Ibilbidea 11).

12:00 HHko Haur Jaialdia Oiardo kiroldegian (Ateak 11:40ean irekiko dira, sarrera ate nagusitik izango da).

14:00 Herri bazkaria eta bazkal ondorengo girotzea gurasoen eskutik frontoian.

Ekainak 16, ostirala

12:30 Ikasleek beraiek prestatutako antzerki musikatua Sutegiko auditoriumean.

Antolatzaileak: Udarregi Ikastola eta Hitz Aho Guraso Elkartea.