Erabakitzeko eskubidea gauzatzea eskatzeko aldarriak lotuko ditu larunbat arratsaldeko 17:30etan, Bilboko Euskadi eta Eliptika plazak. Milaka herritarrek mosaiko formatuan irudikatuko duten galdera ikur batek hain zuzen, Gure Esku Dago mugimenduak deitu duen mobilizazio nazionalaren baitan. Amaieran, Herritarron Ituna aurkeztuko dute.
Bertaratzeko gonbita luzatu digute Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik. Autobus zerbitzua antolatu dute ekainaren 10erako. 15:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegitik. Izena emateko azken eguna dugu ostiral hau, ekainaren 9a, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernetan.
"Erabakitzeko prest gaude"
"Erabakitzeko prest gaude eta libreki eta demokratikoki galdetuak izan nahi dugu Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko. Inoiz ikusi gabeko galdera ikur erraldoia osatuko dugu denon artean. Beste mugarri bat jarriko dugu, egiten dugun urrats bakoitzak ate bat gehiago zabaltzen baitu erabakiaren bidean. Larunbatean Bilbon bilduko ditugu gaur arte sortutako borondate konpromiso eta ilusio guztiak. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu parte hartu dezaten elkarrekin gure erabakia irudikatuko dugun mosaikoan. Galdeketetan parte hartu duzuen herritarrak, galdeketa antolatzen ari zaretenak eta erabakitzeko prest zaudeten guztiak zita garrantzitsua duzue Bilbon. Ekainaren 10ean, denok Bilbora! Erabakitzeko prest gaude!", horratx Gure Esku Dago mugimendutik herritarrei larunbat honetarako luzatu zaien gonbita.
Orain arte galdeketak ospatu dituzten 142 herrietako ordezkariak ekainaren 3an Eibarren elkartu ziren, eta Bizkaiko hiriburuan milaka herritarrek eraikiko duten galdera ikur erraldoia irudikatu zuten. Lorpen itzela dela diote, jada 2017a amaitzerako galdeketak eta erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren ere eremuetara heldu ahal izatea. "Euskal Herri osoan eskubide demokratiko hau gauzatu dadin, lanean jarraituko dugula, determinazioz eta anbizioz. Gure esku dagoen guztia egingo dugu herri honetan erabakia gauzatu dadin. Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte. Horretan sinesten dugu eta hori erakutsi dugu gaur arte 142 herritan".