Herritar talde batek ekainaren 14an Donostiako Easo plazan erraustegiaren aurkako astebeteko gose greba abiatuko duela iragarri duten agerraldi berean argi utzi dute, "Markel Olanok esandakoaren aurka", gai honen inguruko eztabaida ez dela bukatu. Protestatzen segiko dutela iragarri du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, ahalik eta herritar guztiak informatu eta kontzientziatu arte, "negozio pribatu diru xahutzaile eta osasunarentzako oso kaltegarria den egitasmoa inposatu nahi dutela, eta gainera, era iraingarrian ez digutela kontratua erakutsi nahi".
Euskal Herrian nahiz Europan ezartzen ari diren ingurugiroaren zaintzaren, gardentasunaren eta herritarren osasunaren aurkako politika antisozialok "herritarrongan eragiten duten zapalkuntza salatzeko asmo garbia dugu".
Gipuzkoako udalerrien erdiek alternatiba merkeago, osasuntsuago eta garbiagoak abiatu eta eta %80ko gaikako bilketa izatera igaro direnean, "nola arraio ausartzen zarete erraustegia inposatzen saiatzera?" galdetu dute.
Medikuek osasunarentzat dakartzan kalteen ohartarazpenak gogorarazi dituzte beste behin, erraustegia multinazional eta klase politikoaren arteko sinbiosiaren adibide argia dela azaltzearekin batera. "SWAP kontratuekin era fortzatuan inposatuak, entitate finantzarioei herritarren diruak oparitzen ari dira. 35 urteko hipoteka handia ezarri nahi dituzte udal baliabideentzat. Urbaser, Altuna y Uria, Murias, LKS Mondragon eta Moyua, Cuatrecasas abokatu bufetearen laguntzarekin besteren artean.
Erraustegia bezalako egitasmo absurdu honentzako etekin pribatu handiak bideratzen dituzte eta aitzitik oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko etengabeko baliabideen murrizketak jasaten ari gara hezkuntzan, osasungintzan, oinarrizko zerbitzu sozialetan...".
Erraustegia eraiki eta kudeatzeko ardura duen enpresa taldeko kide bat baino gehiago ustelkeria kasuetan nahastuak daude. Tartean Urbaser. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak jakin ahal izan duenez, "milioiak zor dizkio Valdemingomezeko erraustegiagatik bertako erakunde publikoei. Baina zeini arraio eman diozue erraustegia egiteko kontratua? Zergatik? Zer interes dago atzean ez bada negozioa? Zer sinatu duzue denon izenean? Isiltasuna ez da onargarria. Oso haserre gaude".