Oraingoan udaberri kolorez mozorrotu digute Haur Hezkuntzako ikasle eta hezitzaileek, urtero Ikastola Egunez eskaini ohi duten Oiardo Kiroldegiko ikuskizuna. Emanaldi bizi bezain naturala urtero ikastolako haurrek eskaini ohi dutena. Baita noski, gaurkoa ere. Lehen aldiz gaia errepikatzea erabaki dute, emanaldion sortzaile eta Udarregi Ikastolako irakasle Jaione Eskuderoren esanetan, "hain ederra da udaberria...".
Berak aurreratu zizkigun gaur ikusi ahal izan dugun emanaldiaren nondik norakoak. "Udaberriak, besoak zabalik ditu guztiontzat, euriarentzat, eguzkiarentzat, hotzarentzat, beroarentzat, xomorroentzat, txorientzat, loreentzat, barazkientzat, txorimaloentzat, erleentzat, pozarentzat, tristurarentzat… guztiok elkarrekin osatzen dugu udaberria.
Aurten ikusiko ditugun dantzak espresio bidetik landuta daude, nor bera pertsonaiaren barruan sartuko da eta zelaian, libre ibiliko da, solte!!! Musikarekin, kantuarekin eta naturarekin bere ahalmenean bat eginez.
Udarregi ikastola eguneko HHkoen ikuskizuna urteroko Sintonia ederrarekin hasiko da, Wagnerren "Tannhäuser" zati batekin, hain zuzen ere. Doinu hau entzun orduko barruko emozioak kanporatu egiten zaizkigu, gure haur txikiekin eta ikuskizunarekin lotura eginez. Ondorengo musikak eta kantuak Imanol Urbietarenak izango dira, hainbat eta hainbat kantuetatik ikuskizun honetarako egokienak aukeratuak".