Zumarteren ikasturte amaiera abiatuko duen organo kontzertua 18:30etan Elizan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 12a, 06:30

2016-17 ikasturte amaiera agurtzen hastera doa Zumarte Musika Eskola, gaurtik bertatik. Arratsaldeko 18:30etarako organo kontzertua antolatu du Zumarte Musika Eskolak Salbatore Parrokian. Aurreko urteetan, astebetez luzatu ohi den ikasleen emanaldiekin murgildu ohi dira udako oporraldian.

Aurtengoan ordea, berezia izango da agurra. 32 urtez usurbildarron musika etxea izan dugunari "gero arte" esanez agurtuko duten festa egun batekin, ekainaren 17an. Iragarri dituzten ekitaldien artean, gaurko eta atzoko Zumarte kide eta herritar oro bildu nahi dituen herri afaria antolatu dute. Otordurako txartelak salgai izango dituzue Zumarten bertan edo Antxeta jatetxean, hilaren 13ra arte.

Eraikina utzi beharrean baitira. Hurrengo bi urteotan berritu eta handitze lanak egingo dituzte Zumarte Musika Eskolan. Eraberritze lanok amaitu artean, herriko gune desberdinetan sakabanatuko dira musikariak; Udarregi Ikastolan batzuk, Santueneko frontoi atzeko lokalean besteak. Musika eskolako bulegoa berriz, garai batez Atez Ateko informazio gunean kokatuko dute, Puntapax kalean Artzabal igaro eta Guria garagardotegi ondoan.

Auzolanerako deia

Lanok hasi aurretik, egun Nagusia kaleko Villa Pilar eraikina hustu beharko da. Material guztia lekuz mugitu beharko da, aipatu behin behineko lokaletara. Laguntza beharko da garraio lanetarako, uztailaren 5 eta 6an. 

Lanean hasi baino lehen, Zumartekoek merezitako agurra eman nahi diote eraikinari. Horregatik, iaz, aste batez ospatu zituzten ikasturte amaierako ekitaldi ia denak egun eta gune bakar batean bildu dituzte aurten; ekainaren 17an, Zumarte atzealdean, Txaramunto kalean. Ikasturte amaiera, berritu eta handitzera doazen eraikinaren agur festan bilakatuko da oraingoan:

Zumartekoen ikasturte amaiera

Ekainak 12, astelehena

18:30 Organo kontzertua Salbatore Elizan

Ekainak 17, larunbata

10:00 Txistulari eta trikitilari-panderojoleak kalejiran.

Musika Eskolaren bueltan:

Egunean zehar, musika eskolaren urteotako ekitaldietako argazki eta bideo proiekzioa Zumarteko eraikinaren barruan.

11:00-13:30 Kontzertuak. Biolin, klarinete, txaranga taldeak, Musika Txokoko ikasleena…

13:30 Bazkari girotua. Jatekoa norberak eraman beharko du, edatekoa Zumartekoek jarriko dute. Taberna txiki bat ere egongo da.

16:00-20:00 Kontzertuak: abesbatzak, txistulariak, pop-rock taldeak…

20:00 Kalejira Eibarko Ustekabe txarangarekin Usurbilgo kaleetan zehar.

21:30 Afari herrikoia udaletxe aurreko plazan. Txartelak 10 eurotan salgai Antxetan eta Zumarten, ekainaren 13ra arte. Menua: Antxeta jatetxeak sukaldaturikoa.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.