Erraustegiaren aurkako gose greba asteazkenetik aurrera, Donostiako Easo plazan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 12a, 11:54

Erraustegiaren gezur handiaren aurka herritar talde batek astebeteko gose greba abiatuko du asteazken honetan, ekainaren 14an, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Easo plazan. Ekimen honekin bat egitera deitu zituzten herritarrak larunbat goizean, Donostiako Gipuzkoa plazan egin duten agerraldian. "Jendeari dei egiten diogu protesta hasiko den unean etor dadin, babes soziala erakusteko. Programa bat antolatzen ari gara. Arratsaldero hitzaldi bat izango da eta ondoren dokumental baten proiekzioa. Gaiak aire garbia edukitzeko eskubideaz, osasun eskubideaz eta garapen eredu jasangarri eta bizigarriari buruzkoak izango dira", iragarri dute.

Gose grebak irauten duen artean ere bertaratzera animatzen dute. "Herritarrei bertatik pasatzera dei egiten diegu. Konpromiso ezberdinak uztartzeko planteamendu bat egin nahi dugu. Bertara etortzetik, gose grebarekin bat egiteraino dagoen abaniko zabala aldarrikatu nahi dugu. Boteretik sustatzen ari diren eta garaiotan nabarmen bizi dugun desaktibazioaren aurrean, aktibazioa aldarrikatu eta balorean jarri nahi dugu", adierazi zieten hedabideei.

Protesta ereduz aldatzea erabaki dute oraingoan. Larunbateko agerraldian azaldu zuten zergatia. "Milaka eta milaka herritarrok proiektu hau arbuiatzen dugula ikustarazi arren, inposatu egin nahi dutela ikusten dugunez, protestak ezkutatu nahian ari direla ulertuta, oraingo honetan gose greba protesta eredua hautatu dugu, inposatu nahi diguten erraustegiak gu guztion bizitzengan izango duen eragin kaltegarria salatzeko".

Donostiako Udalak ekimen honen aurrean erakutsi duen jarrera salatu zuten. "Plaza publikoaren erabileraren ukapenak eta mobilizazioaren iraupenaren mugak aurkeztu dizkigu. Adierazpen askatasunari oztopoak jartzearen ariketa dela uste dugu. Aurrez aurre gaiari buruz galde egiteko asmoa diegu eta adierazpenerako kalea erabiltzeko eskubidearen beharra berresten dugu gure ekimenaren bitartez". 

ASTEBETEKO GOSE GREBA

Epea: ekainak 14-21.

Tokia: Donostiako Easo plaza (Euskotrenen geltoki ondoko plaza).

Hasiera: ekainaren 14an, arratsaldeko 19:00etan.

Oharra: ekitaldiak egunero gose greba burutuko den gunean. Egitaraua osatzen ari dira. Arratsaldero hitzaldi bat eta dokumental proiekzioa aurreikusi dituzte jada. Hitzorduotan jorratuko diren gaiak: aire garbia edukitzeko eskubidea, osasun eskubidea eta garapen eredu jasangarri eta bizigarria.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.