"Atlas Geopoetikoa" liburu aurkezpena eta dantzaldia asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 12a, 11:27

“Atlas geopoetikoa_1” liburuaren aurkezpena egingo dute Usurbilgo frontoian, asteazken honetan, ekainaren 14an 19:00etan. Mixel Etxekoparrek eta aginagatar batek aurkeztuko dute liburua eta ekitaldiak 30-40 minutu iraupena izango du. “Behin aurkezpena bukatuta, leku berean dantza saio ireki bat izango dugu. Etxekopar eta Bedaxagar gidari izango direlarik. Bertan muxikoak, kontrapasak... dantzatuko ditugu betiere Zuberoako kutsuarekin”, antolatzaileek aditzera eman digutenez. “Aukera paregabea daukagu herritarrok bi musikari handi hauekin gozatzeko eta, beraz, animatu”.

Hitzordua

Eguna: ekainak 14, asteazkena.

Ordua: 19:00.

Tokia: Usurbilgo frontoia.

Antolatzaileak: Orbeldi Dantza Taldea, Aginagako Jai Batzordea eta Nafartarrak Taldea.

Aginaga, Euskal Herriko Atlas Geopoetikoaren lehen tomoan

Herri bakoitzak du bere izena eta bere izana. “Toki bakoitzari zerk emaiten dio nortasun berezia? Errekako urak, dudarik gabe, baina gehiago biztanleek, eta jende hauen eleek, mintzaerak, euskalkiak...”. Musika tresnak, argazki kamerak eta mikrofonoak soinean hartu eta herriz herri hasi dira bilketa lanetan. Hitzekin, doinuekin eta irudiekin osatu da Euskal Herriko Atlas Geopoetikoaren lehen tomoa. Eta lehen liburuki horretan, Aginaga ageri da.

Atlas geografikoak, atlas politikoak ezagunak ditugu. Atlas geopoetikoen berri ez genuen, ordea. Mixel Etxekopar musikari zuberotarra da ekimen honen sustatzaileetako bat. 2012an hasi ziren egitasmo honekin eta, oraintsu, lehen tomoa plazaratu berri dute. Pagola, Arnegi, Aginaga, Hendaia, Barkoxe, Iruñea eta Berako esperientziak jaso dituzte liburu-CD euskarrian.

2013an, Aginagako San Praixku jaietan izan ziren hiru egunez. Bizitakoak, ikusitakoak eta sentitutakoak islatu dituzte atlas honetan.