Kontratu-amaierako EEE aurkeztu dute Ingemarreko langile guztientzat

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 13a, 14:01

Ingemar Taldeko zuzendaritzak Usurbilgo plantako lan talde osoarentzat, hau da 72 langilerentzat kontratu amaierako EEE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) aurkeztu zuen ekainaren 2an Lugon (Galiza). Arbitrarioa dela salatu dute langileek astearte honetan, Donostian egindako agerraldian. Baita diskriminatzailea ere, “egoera berdinean dauden taldeko beste lantegi batzuen aldean. Negozioaren bideragarritasunari, taldea osatzen duten pertsona juridikoei eta konkurtsoaren menpeko hartzekodunei on egin beharrean, kalte egiten die”. Negozio-bolumena murrizten du, eta honenbestez, enpresaren bideragarritasuna berma dezaketen emaitza onak kaltetu ere bai. “Gainera, gauzatzen ari diren aktiboen salmenten ondorioz ondarea ere urritzen da etorkizuneko negozioa aurrera eramateko aukerak gutxituz”, salatzen dute.

Hartzekodunen lehiaketan

Gogoan izan, urte hasieratik hartzekodunen lehiaketan daude Usurbilgo lantegia, baita Ingemarga eta Corporacion Ingemar. “Langileen ordezkariok jendaurrean salatu nahi dugu Ingemar Taldeko Zuzendaritza Konkurtsoen Legeaz baliatzen dela legean jasotakoez beste xedeetarako. Hau da, hartzekodunak artatzeko itxura emateko, hitzarmen-eskaintza baten bidez; baina, aldi berean, negozioa murrizten dute itundutakoa beteezina bihurtu arte. Konkurtso Administratzaileak ez du horretaz ezer esan”. Administratzaile hau eta Taldeko Zuzendaritza elkar hartuta daudela uste dute langileek, “konkurtsoa lehenbailehen bukatzeko eta nork bere puska ederra hartzeko”.

Taldeko Zuzendaritzak aktiboez jabetu nahi omen du eta Usurbilgo lantegirako ez dute bideragarritasun-planik ez etorkizunerako bermerik aurreikusten. Langileek haien esku dagoen guztia egingo dutela iragarri dute, “mafia-kutsuko azpijoko hori argitzeko, eta nor bere lekuan jartzeko”. Lugora joan asmo dute bertako langileen batzordearekin bildu edota mobilizatzera. Mobilizazioez ari garela, Donostiako Garibai kaleko Kutxabank atarian elkarretaratzeak egiten segi asmo dute langileek. Kutxabanki Ingemar itxi nahi ote duen argitzea eskatzen diote.