Astearte hau, ekainaren 13a duzue, Zumarte Musika Eskolak 32 urtez egoitza izan duen Kale Nagusiko Villa Pilarri larunbaterako prestatu dion "gero arte" festaren baitan ospatuko den herri afariko txartelak erosteko. Zumarten bertan edo Antxeta jatetxean eskura ditzakezue 10 eurotan.
Eraikina berritu eta handitzera doaz
Aurtengoan ordea, berezia izango da agurra. 32 urtez usurbildarron musika etxea izan dugunari "gero arte" esanez agurtuko dute festa egun batekin, ekainaren 17an. Eraikina utzi beharrean baitira. Hurrengo bi urteotan berritu eta handitze lanak egingo dituzte Zumarte Musika Eskolan. Eraberritze lanok amaitu artean, herriko gune desberdinetan sakabanatuko dira musikariak; Udarregi Ikastolan batzuk, Santueneko frontoi atzeko lokalean besteak. Musika eskolako bulegoa berriz, garai batez Atez Ateko informazio gunean kokatuko dute, Puntapax kalean Artzabal igaro eta Guria garagardotegi ondoan.
Auzolanerako deia
Lanok hasi aurretik, egun Nagusia kaleko Villa Pilar eraikina hustu beharko da. Material guztia lekuz mugitu beharko da, aipatu behin behineko lokaletara. Laguntza beharko da garraio lanetarako, uztailaren 5 eta 6an.
Lanean hasi baino lehen, Zumartekoek merezitako agurra eman nahi diote eraikinari. Horregatik, iaz, aste batez ospatu zituzten ikasturte amaierako ekitaldi ia denak egun eta gune bakar batean bildu dituzte aurten; ekainaren 17an, Zumarte atzealdean, Txaramunto kalean. Ikasturte amaiera, berritu eta handitzera doazen eraikinaren agur festan bilakatuko da oraingoan:
"Gero arte" festa Zumarteko eraikinari
Ekainak 17, larunbata
10:00 Txistulari eta trikitilari-panderojoleak kalejiran.
Musika Eskolaren bueltan:
Egunean zehar, musika eskolaren urteotako ekitaldietako argazki eta bideo proiekzioa Zumarteko eraikinaren barruan.
11:00-13:30 Kontzertuak. Biolin, klarinete, txaranga taldeak, Musika Txokoko ikasleena…
13:30 Bazkari girotua. Jatekoa norberak eraman beharko du, edatekoa Zumartekoek jarriko dute. Taberna txiki bat ere egongo da.
16:00-20:00 Kontzertuak: abesbatzak, txistulariak, pop-rock taldeak…
20:00 Kalejira Eibarko Ustekabe txarangarekin Usurbilgo kaleetan zehar.
21:30 Afari herrikoia udaletxe aurreko plazan. Txartelak 10 eurotan salgai Antxetan eta Zumarten, ekainaren 13ra arte. Menua: Antxeta jatetxeak sukaldaturikoa.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.