Usurbilgo jaiak gertuago direla sentituko dugu gaurtik. Danbor joleak entseatzen hasiko baitira asteazken honetatik bi egunez behin Udarregi Ikastolan. Uztailaren 1ean, 19:00-21:30 artean ospatuko den danborradan parte hartu nahi duzuenontzat, hitzordua prestatzeko saioak gaurtik, astelehen, asteazken eta ostiralero 20:00-21:00 artean, Udarregi Ikastolako frontoian.
Jubilatuen bazkaritarako txartelak
Hainbat bazkari ospatuko dira herriko jaietan. Tartean, baita jubilatuena ere. Aurten ez Santixabel Egunez ohi bezala, igandez egokitzen baita, ostiralez, ekainaren 30ean baizik, 14:00etan Atxega Jauregian. Bazkaritarako txartelak ekainaren 19tik 21era eskuragarri izango dira, Aginagako Arrate, Santueneko Gure Elkartea edota Usurbilgo Gure Pakea elkarteen egoitzetan. Bestela, baita Gizarte Zerbitzuetan ere. Txartelak hiru egunotan egongo dira salgai agortu arte.
Zikiro janerako txartelak
Salgai daude zikiro-janerako txartelak, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan. 25 eurokoa izango da prezio orokorra, ikasle eta langabetuek 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte. Zikiro-jana uztailaren 1ean ospatuko da, Askatasuna plazan.
Bi bertsopaper lehiaketa
Batetik, ohi bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrentzako 41. Bertsopaper Lehiaketa antolatu da hilabete barru ospatuko diren jaien harira. Lanek 8-10 bertso artekoak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Bestalde, estreinakoz, LH5 eta 6 mailetako usurbildarrei zuzenduriko txapelketa ere antolatu dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak. Hiru gai jarri zaizkie aukeran eta horiei buruz idatzi beharko dute: Santixabelak, udako oporrak edo Usurbilgo txokoak. Bi bertso idatzi beharko ditu parte hartzaile bakoitzak.
Bi txapelketa hauetarako lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira helbide honetan: Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Egileak izengoitiz aurkeztu beharko du lana. “Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Txapelketon sari banaketa, ekainaren 29ko jaietako bertso saioaren amaieran ospatuko da.
“Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”
Sormena lantzeko aukera ederra eskaintzen du Usurbilgo jaietako Pintura Lehiaketak. Aurten, festetako lehen egunean, txupinazo aurretik eta arratsaldez ospatuko da hamabosgarren edizioa, ekainaren 29an, 16:30etatik aurrera frontoian. Jai Batzordeak jada erabaki du, 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txapelketan parte hartu nahi dutenen sortze lanetarako gaia zein izango den: “Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”. Hasi buruari eragiten.
Egitarauaren diseinua eta txupinazo jaurtzaileak, hautatuak
Jaietako egitarauaren diseinu lehiaketa Ibai Arrietak irabazi du. Bestalde, festen hasierako txupinazoa Hurbilago Elkarteak jaurtiko du.
DATOZEN DEIALDIAK
-Uztailaren 1eko zikiro janerako txartelak salgai 25 eurotan (15 eurotan ikasle eta langabetuentzat) Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan.
Ekainaren 14tik aurrera
20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.
Ekainaren 19ra arte
41. Bertsopaper eta Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketetarako lanak aurkezteko epea.
Ekainak 19,20, 21
Ekainaren 30ean 14:00etan Atxega jauregian ospatuko den jubilatuen bazkaritarako txartelak salgai Aginagako Arrate, Santueneko Gure Elkartea eta Usurbilgo Gure Pakea Elkarteen egoitzetan. Baita Gizarte Zerbitzuetan ere.
Ekainak 23, ostirala
Egun honen bueltan banatuko Usurbilgo Udalak, jaietako egitaraua. NOAUA!k jaietako gehigarri berezia argitaratuko du.
Ekainak 29-uztailak 2
Usurbilgo jaiak. Hurbilago Elkarteak jaurtiko du txupinazoa.