Erraustegiaren oso aurka daude, ez dute halako azpiegiturarik eraikitzerik nahi, eta haien esanetan, Foru Aldundiko agintarien asmoa "guk ere etsitzea" izan arren, ez dutela halakorik lortuko adierazi dute. "Gu ere konbentzimendu handiz gaude erraustegiaren kontra". Mugitzeko beharra ikusten dute, eta urrats berri bat eman du iruditan duzuen herritar taldeak; erraustegiaren gezur handiaren aurka astebeteko baraualdia abiatu zuten atzo, Donostiako Easo plazan.
Besteak beste, baraualdia ezkutatu nahi den informazioa zabaltzeko baliatu nahi dute. Eta egunero hitzorduak izango dira. Baraualdia abiatzeko atzo egin zuten ekitaldian, gose greba egiten ari diren gunera bertaratzeko gonbita luzatu diete herritarrei. "Animatu, babesa eman, herrietan jendea animatu hona etortzeko. Hemen egongo gara 7 egunez", adierazi zuten baraualdiko lagunek.
Mugituta, lortzeko aukera
Askotan galdetzen omen diete, ia erraustegia geratzeko esperantza ba ote duten. Baietz diote, "esperantza badugu, batez ere mugituta posible dugula frenoa jartzea gaur egun aurrean ditugun politikari hauei". Horrez gain, "erakundeetan aldaketa politikoak ere nahi ditugu, kalean egiten duguna laguntzeko. Miraririk ez dut espero, baina denon bultzadarekin aukera izango dugu geratzeko eta kudeaketa hobe bat antolatzeko Gipuzkoan". Gogoraratzen zutenez, hor dago Lemoizko zentral nuklear eraikia, zer egin ez dakitela. Nafarroan ere atzera bota dute erraustegia, Euskal Herritik kanpo baita Asturiasen ere. "Madrilen, Getafen ere hor dabiltza mugimenduan atzera bota nahian erraustegi bat". Esperantza badge, eta etsitzeko asmorik ez. Haien ekimenera batzera deitzen gaituzte egunotan.
Hainbat ekitaldi deitu dituzte egunotarako. Adi beraz deialdi hauei!