Adiorik ez, gero arte festa larunbatean usurbildarron musika etxeari

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 16a, 10:27

Agurrik ez, gero arte baizik. Horixe adierazteko eguna izatea nahi du Zumarte Musika Eskolak, ekainaren 17rako antolatu duen jaialdia. Hiru hamarkada luzez egoitza izan duten Kale Nagusiko Villa Pilarretik badoaz musikariak ikasturte amaiera honetan. Aldi baterako, bi urterako hain zuzen. Ezinbestean, nahiz pozteko moduko arrazoiak dauden tartean. Heldu baita Zumartekoentzat hainbeste itxaroten ari ziren unea; eraikina berritu eta handitzera doaz.

Egungo egoitzak ez baititu betetzen oinarrizko segurtasun eta irisgarritasun baldintzak. Intsonorizazio falta nabarmena du. Ohikoa da, gela bateko eta besteko instrumentu soinu nahastea jasan behar izatea ikasle eta hezitzaileek. Gainera, berrogeirekin hasi eta 220ra arte hazi den ikasle kopururako txiki geratu da eskola. Esan beharrik ez da, horrek guztiak eguneroko jarduna zer tamainatan baldintzatzen dien.

“Zumarteri handitzea tokatzen zitzaion”

Errelebo betean den musika eskolako zuzendaritza batzordeko kideekin bildu gara. Haiek ondo oroitarazi dutenez, “halako eraberrikuntza egiteko garaia zen. Etxe hau erosi zenean ere bere urteak bazituen. Orain beste 32 urte gehiago”. Ordutik, gainera biztanleria kopurua nabarmen hazi da, herriko zerbitzuak ugaritu eta indartu dira. Honenbestez, orain, “Zumarteri handitzea tokatzen zitzaion”. Argi dute, musika eskolan ikasi nahi duen orori lekua eman nahi diote, ez dute instalakuntzak ezta usurbildarrek ordaindu beharreko kuota, herritarrentzako lagun giroan musikaz ikasi, gozatu eta bizi ahal izatea mugatzerik nahi.

Gune partekatua izateko aukera

Eraikin berrituaren maketa modukoa ikusia dute musika eskolakoek. Handiagoa eta ederragoa izango da noski, etorkizuneko eraikin berritua. Oraingo itxura mantenduko du. Ekainaren 17ko jaialdia ospatuko den eraikinaren atzealdetik (Txaramunto aldetik) handituko dute. Musikarienaz gain, Orbeldi Dantza Taldekoen egoitza ere izango da etorkizunekoa.

4 gune bi urtez

Birgaitze proiektu hau elkarlanean diseinatu dute Zumartek eta Usurbilgo Udalak. “Kanpoko itxuraz gain, barrukoa antolatzeko ere aintzakotzat hartu gaituzte eta hori asko da”. Horregatik, lerroon bidez, lanok gauzatu ahal izateko Udalak eginiko ahalegina nabarmendu nahi dute Zumarteko kideek: “Lehentasun bat eman dio eskolari eta hori eskertzekoa da”.

Eraberritze lanek iraungo dute bi urteetan zehar, musikariak herriko gune desberdinetan sakabanatuko dira. Batetik, Udarregi Ikastolako bi gela baliatuko ditu Zumartek. Besteak beste, instrumentu indibidualetan trebatzen ari direnak, edota Musika Mintzairakoak bilduko dira bertan. Santueneko frontoi atzeko lokalean elkartuko dira bestalde, kitar edota baterijoleak, pop-rock taldeak. Eta Zumarteren bulegoa berriz, garai bateko Atez Ateko Bilketaren informazio gunean, Puntapax kalean, Artzabal igaro eta Guria garagardotegi ondoan kokatuko dute.

Maiatza amaieran bideratu zuten 2017-18 ikasturteari begirako matrikulazio kanpainaren baitan jakinarazi zitzaien izena eman zuten ikasleei, datozen aldaketen berri. “Ez dira oso urte errazak izango eta pazientzia eskatzen dugu. Ditugun espazio eta ordutegiekin moldatu beharko gara”, ohartarazi dute Zumartetik. Bi urteren ostean panorama goitik behera aldatuko da, askoz hoberako noski.

Auzolanerako deia

Lanak hasi aurretik, eraikina hustu beharra dute. Ekainaren 17ko jaialdia igarota, mudantza lanei ekingo die Zumartek. Material guztia, hurrengo bi urteotan behin behinean izango dituen lokaletara garraiatzeko bi egun hitzartu ditu Musika Eskolak udal brigadakoekin; uztailaren 5a eta 6a. “Traste piloa dago eta horiek denak garraiatzeko laguntza beharko dugu”, adierazi diote NOAUA!ri. Laguntzeko deia luzatu nahi dute lerroon bidez. “Animatu!”.

Lehen kultur etxea

Zumarte, egun, ibilbide luze eta oparoena izan duen herri eragileen artean dugu. Txistulari taldeak idatzi zituen musika eskolaren biografia honetako lehen lerroak. Baina ez egungo egoitzan; udaletxe atzean, gero Potxoenea behean… Musikak etxe desberdinak izan ditu iraganean Usurbilen. Hainbat herritar bolondresen arteko auzolanak ahalbidetzen zituen leku aldaketok. Musikarien mugimendua hazten eta ikasleak instrumentu gehiagotan trebatzen hasi ziren, espazioa txiki geratzen zihoan.

Martin Larrañaga alkate zela, 1983an abiaturiko legegintzaldian zehar bideratu eta diseinatu zuten egun ezagutzen dugun musika eskola. Hutsik zegoen Villa Pilar eraikina erostea erabaki zuten. Diruaz gain, musika bera giltzarria izan zen erosketan. Terraza, baratz, eta iturri natural eder askoa zuen eraikin eleganteak, musikarekin lotura estua baitzuen Zumarte aurreko garaitik ere. Herrian zegoen piano bakarrenetakoa omen zuten bertan. Udalaren erosteko eskaera jaso zuenean, hasieran ez omen zuen saldu nahi, baina eraikina musika eskolara bideratuko zela jakin zuenean, saltzea errazago egin omen zitzaion.

Errioko irlaren omenez

Eraikina erosita, Musika Eskola izateko elkartea tramitatu zuten, eta izena ere jarri zioten. Arantzazu Aranburuk proposaturikoa, Zumarte. Batetik, Zumartegi industriagunea eraikitzeko desagertzera zihoan izen bereko Oria ibaiko irlatxoaren omenez, eta baita Pablo Orbeldik dultzaina jotzen zituen piezetako batek Zumarte izena zuelako ere.

Usurbilgo kultur etxe nagusian bilakatu zen Zumarte. 1985ean ateak ireki zituenetik, musikarien txokoa izateaz gain, euskaltegia ere bertan kokatu baitzen, hainbat asanblada ere bertan egiten ziren, baita ikastaroak ere… Gerora eraikina txiki geratu zen denentzat. Pixkanaka eragile bakoitza beste lokal batzuetara lekuz aldatu zen. Azkenean eraikina osorik musikariena izatera heldu zen.

Boluntarioen auzolan itzela

Zumartek irabazi asmorik gabeko eta kultur musika sustatzea helburu duen elkarte gisa funtzionatu izan du hasieratik. Eraikina Udalarena da, baina hortik aurrerako kudeaketaren ardura elkartearen gain dago. “Boluntarioen auzolan ikaragarria dago honen atzean, hainbeste urtez”, nabarmendu dute Zumartetik. 32 urteko ibilbide emankor honetan, aipatzekoak dira ekainaren 17ko jaialdiak oroituko dituen hainbat une; urteurren jaialdiak, abesbatzarekin 55 lagun Islandiara joan zirenekoak, elkarbizitza asteburuak… Hainbat irakasle izan ditu Zumartetik, gerora esaterako, Euskadiko Gazte Orkestra Sinfonikoa edota beste eskolak zuzentzera igaro direnak. Zabaltzen joan da musika instrumentuen formazio eskaintza. Ikasteko moduak aldatzen. Ikasketa prozesu indibidualetik, taldekako lanketa nagusitzen joan da. Ibilbide oparoa izan du Zumartek. Etapa berri eta ziur luzeago baten atarian da orain.

Festa, Txaramunto aldean

Aurreko urteetan garai honetan agurtu izan du Zumartek ikasturtea, aste oso batez antolatu izan dituzten kontzertu desberdinekin. Oraingoan, emanaldi ia denak egun eta gune bakar batean bildu dituzte; ekainaren 17an, Zumarte atzealdean, Txaramunto kalean. Ikasturte amaiera, berritu eta handitzera doazen eraikinaren agur festan bilakatuko da oraingoan:

Ekainak 17, larunbata

10:00 Txistulari eta trikitilari-panderojoleak kalejiran.

Musika Eskolaren bueltan:

Egunean zehar, musika eskolaren urteotako ekitaldietako argazki eta bideo proiekzioa Zumarteko eraikinaren barruan.

11:00-13:30 Kontzertuak. Biolin, klarinete, txaranga taldeak, Musika Txokoko ikasleena…

13:30 Bazkari girotua. Jatekoa norberak eraman beharko du, edatekoa Zumartekoek jarriko dute. Taberna txiki bat ere egongo da.

16:00-20:00 Kontzertuak: abesbatzak, txistulariak, pop-rock taldeak…

20:00 Kalejira Eibarko Ustekabe txarangarekin Usurbilgo kaleetan zehar.

21:30 Afari herrikoia udaletxe aurreko plazan. Txartelak 10 eurotan salgai Antxetan eta Zumarten, ekainaren 13ra arte. Menua: Antxeta jatetxeak sukaldaturikoa.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.