2013ko azaroan zendu zen Ramon Unanue Matxain herritarrari merezitako aitortza ekitaldia antolatzen ari zaio herritar talde bat, ekainaren 24rako. Urte luzez kirol eta giza talde anitzekin eginiko lana aitortu nahi diote, Ramon nor zen ezagutzera eman. Ekainaren 24an, hainbat kirol jarduera ospatuko dira eta senideei ere aitortza ekitaldia egingo zaie. Dagoeneko josi dute, Unanueri egingo zaion aitortza herritarraren egunerako egitaraua:
Ekainak 24 larunbata
17:00 Hasiera ekitaldia Mikel Laboa plazan.
17:10-20:30 Ramon Unanueren argazki erakusketa Mikel Laboa plazako jaiman.
Frontoian (17:10-18:55):
17:10 Futbito beteranoak.
17:45 Eskubaloia beteranoak.
18:20 Pilota egokitua.
Dema plazan (17:45-19:25):
17:45 Taldekako giza-proba.
18:20 Atletismo erakustaldia. Pisu eta mailu jaurtiketa (pisu jaurtiketan nahi duenak bola bota ahal izango du).
Mikel Laboa plazan (18:20-19:25):
Ginkana txirrindulari ausartentzat. Parte hartze irekia. Animatu eta ekarri txirrinda! "Etorri txirrindarekin plazara eta parte hartu ginkanan. Hamarnaka txirrindulari gazte entrenatu zituen Ramonek. Egin diezaiogun ohore, eta ekarri txirrinda".
19:30 Ramon Unanueren senideei aitortza herritarra eta hunkigarria Mikel Laboa plazan: txalaparta, ikurriñaren dantza, bertsoa, Idoia Etxebarriaren ohorezko harrijasotze altxaldia.
20:00 Oiardo kiroldegian: Aitortza-plakaren eskaintza ekitaldia. Agur dantza.
Antolatzaileak: herritar talde bat.
Kirolari eta prestatzaile aparta
Ramon Unanue omentzeko hamaika arrazoi dago, maiatzaren 30ean Usurbilgo Udalak aitortza herritar hau egitearen alde aho batez onartu zuen erakunde adierazpenak jasotzen duenez. Ramon nor izan zen ezagutzera eman nahi dute, eginiko ekarpen itzela aitortu. “Usurbilgo ondare humanoa da”, ondorioztatzen du aipatu adierazpenak.1953ko martxoaren 18an Kalezarreko Iparralde etxean jaiotako herritarra “kirolari aparta izan zen 70-80ko hamarkadatan, bereziki pisu jaurtiketan. Atletico San Sebastian taldean jokatu zuen, urte batzuetan Miel Unanue lehengusu usurbildarrarekin batera. Pisu, disko eta mailu jaurtiketetan aritu zen, baina lehenengoan lortu zituen bereziki marka aipagarrienak”. Honako hauek, pisu jaurtiketan:
-Seitan Gipuzkoako txapelduna (1975-78 artean eta 1982-83an).
-Bitan Euskadiko txapelduna (1982-83).
-Laugarren Espainiako txapelketan (1975ean).
-Lehena 1979ko Espainiako Federazioen txapelketan.
-Markarik onena, 15,05 m (egungo Gipuzkoako 7. markarik onena).
Aipatu moduan ordea, denetariko kirol jardueretan aritu zen Ramon. Sokatiran, giza-proban… Herriko jardueretan zuzenean parte hartzen edo laguntzen aritu zen sarritan. Kirol jarduera gehiagorekin lotura ere izan zuen prestatzaile gisa. Usurbilgo kirol talde eta ehunka herritar prestatu eta hezi ditu. “Artista itzela izan zen prestaketa fisikoa kirol mota bakoitzera zein kirolari bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen. Eskubaloia, futbola, txirrindularitza, pilota, kale gimnasia anitza, kirol egokitua, atletismoa (pisu eta mailu jaurtiketa…), herri kirolak (harri jasotzea, giza proba, sokatira…), arraunlariak…”, dio omenaldia antolatzen ari den talde sustatzaileak aurkeztu eta Udalak aho batez onarturiko erakunde adierazpenak.
Mundu mailan ezagun egin diren eliteko kirolari bilakaturiko herritarren prestatzaile izan zen. Bi zutabe nagusitan eraiki zuen bere eskola propioa, “kirolariak norberarengan konfiantza sortzeko gaitasuna eta mentalitate jantzia”. Kirola tresna gisa baliatu zuen pertsonengana heltzeko.
Ramonen argazkiak biltzeko deia
Ramon Unanueren argazki bilduma bat ere ikusgai jarri asmo dute antolatzaileek omenaldi egunean bertan. Irudi sorta aberaste aldera, Ramonen argazkirik izan eta erakusketarako utzi nahiko bazenu, antolatzaileek biziki eskertuko lukete. Argazkiak xmerre@gmail.com helbidera helarazi.