Eragile ezberdinen babesa jasotzen hasiak dira, erraustegiaren aurkako gose grebalariak

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 15a, 13:27

Herritar talde bat erraustegiaren gezur handiaren aurka, gose greban da atzotik Donostiako Easo plazan. Ekainaren 21era arte izango dira bertan. Datozen egunotan, hainbat ekitaldi deitu dituzte baraualdia egiten ari diren eremuan bertan. Atzo, baraualdiaren abiatzean herritarren babesa jaso zuten, eta gaur goizean lehen eragileena. Ostegun goiz honetan, erraustegiaren aurkako gose grebalariei babesa adierazten izan dira Donostiako eta Gipuzkoako EHBildu koalizioko kideak, ESK eta LAB sindikatuetako ordezkariekin batera. 

Gipuzkoako EHBilduko ordezkarien esanetan, "erraustegia ez da beharrezkoa, beste ereduak badaude. Kalea mugitzea ezinbestekoa da". LAB sindikatutik ere babes mezua gose grebalariei. "Borrokaren bidetik lortuko dugu! Eredu zarete eta langileok zuekin gaude. Ez dugu erraustegia onartzen". ESK sindikatutik adierazi dutenez, "erraustegiaren aurkako gose grebalariak bisitatu ditugu goizean gure etorkizunaren aldeko borroka guztioi dagokigulako".

Donostiako Udalaren jarrera

Sare sozialen bidez aditzera eman dutenez, gose grebalariek bestelako gertakaririk ere bizi izan dute azken orduotan. "Donostiako Udalak atzo Easo plazan jarri genituen pankartak kendu ditu", aditzera eman dutenez. Aldiz, atzoko baraualdiaren hasieran iragarri bezala, ez dute etsitzeko asmorik, "gehiago egin beharko ditugu" adierazi dute, "erraustegiaren aurkako gose greba aurrera baitoa".

Baraualdi hau iragartzeko aurreko larunbatean Gipuzkoa plazan agerraldia egin zutenean ere Donostiako Udalak ekimen honen aurrean erakutsitako jarrera agerian utzi nahi izan zuten. "Plaza publikoaren erabileraren ukapenak eta mobilizazioaren iraupenaren mugak aurkeztu dizkigu. Adierazpen askatasunari oztopoak jartzearen ariketa dela uste dugu. Aurrez aurre gaiari buruz galde egiteko asmoa diegu eta adierazpenerako kalea erabiltzeko eskubidearen beharra berresten dugu gure ekimenaren bitartez". 

Irudia: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.

Datozen deialdiak