Abestuz ongi etorria, udako oporrei

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 17a, 10:11

Ekaineko kantu zaleen hitzordua ohi baino goizago heldu da oraingoan. Ate joka duten udako oporraldiari abesten eman nahi izan zioten ongi etorria Kantu Taldeak, atzo Kaxkoan barrena ospatu zuen kantu-jiran. Afaritarako bildu ziren gero Patrin.

Ostiral honetakoarekin hileroko kantu-jirei eta astearteroko entsegu saioei amaiera eman diete uda ostera arte. Baina oraindik kantu zaleentzako azken hitzordu bat da; Usurbilgo jaietan hain zuzen, uztailaren 1ean, 12:00-14:00 artean. "Kuxkuxtu taldearekin egingo dugu kantu jira. Goizeko 11:00ak aldean Patri tabernan elkartzen gara eztarriak eta tripa pixka bat betetzeko. Han hamaiketakoa egiten dugu. Aurten Kale nagusitik kalejira egitea pentsatu dugu, Iturralde Botika aurreko iturri horretan kanta pare bat edo abestu, hortik Artzabal aldera jo, gero Kaxkora itzuli eta zikiro bazkariarekin bukaera ematea", berri eman dute Kantu Taldetik.

Kantu-jiraren hitzorduak:

Uztailak 1, larunbata

Usurbilgo jaien baitan:

11:00 Kantuzaleen hamaiketakoa Patrin.

12:00-14:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantu-jira Kuxkuxtu txarangarekin. Ibilbidea: Kale Nagusia, Iturralde Botika aurreko plazatxoa, Artzabal, Kaxkoa.

Ondoren, kantu-zikiro jana Askatasuna plazan. Txartelak 25 eurotan (15 eurotan ikasle eta langabetuentzat) Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan salgai. 

Irailak 12, asteartea

18:30-19:30 Udako oporraldi osteko, Kantu Taldekoen ikastaroko lehen saioa Udarregi Ikastolako kantu gelan. Hortik aurrera, asteartero bilduko dira ordu eta leku berean.

Antolatzailea: Kantu Taldea.