"Ez hemen! Ez Inon!" usurbildarrak kantuan, erraustegiaren aurka

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 19a, 07:47

"Ez hemen, ez inon! Ez hemen, ez inon!" ozen aldarrikatuz eta errepikatuz, erraustegirik ez dutela nahi adierazi zuten hainbat herritarrek ostiral arratsaldean. Oraingoan, kantuan eta dantzan. Odolaren Mintzoa herriko musika taldeak erraustegiari buruz sortu duen abestirako bideokliparen zati bat grabatzen aritu ziren Mikel Laboa plazan, Peru Galbete usurbildarraren laguntzaz.

Grabaziorako belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu zituen Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka laukoteak. Gazte ugari, eta baita, hain zuzen, grabazioa burutzen ari ziren gunean bertan minutu gutxira kantu-jira abiatu zuen Kantu Taldeko kideak ere. Batzuk kantu liburuxkak eskuetan, besteak erraustegiaren aurkako banderolak.

Ekainaren 16koaz gain, herriko beste zenbait txokoetan grabatzekoa da bideoklipa Odolaren Mintzoa. Atzerapenik ez bada, ziurrenik uda honetan bertan ikusi eta entzun ahalko dugu erraustegiaren aurkako ereserki berria.