Horixe duzue, Sortu Usurbilek ekainaren 20rako 19:30etan Sutegin antolatu duen solasaldiko gonbidatuek, Pello Otxandianok (Sortu), Edurne Larrañagak (LAB) eta Xabier Iraolak (Ernai) jorratuko duten gaia. Mertxe Aizpurua kazetariak gidatuko du saioa. "Independentismoa eta euskara elkarrekin doazen bideak dira?", hortxe mahai gaineratuko duten galdera eta kezka.
Zergatik antolatu duzue hitzaldia?
Sortu Usurbil: Abian eztabaida prozesuarekin hasi eta Sorturen birfundazioan ere Ezker Abertzaleak sakonki berrikusi du bere ildo estrategikoa eta orain ildo berriaren gauzapenean urratsak emateko momentuan gaude. Era kolektiboan, euskalgintzan eta kulturgintzan dabilen Ezker Abertzaleko kidego zabalarekin sakontze ariketa hasi du Sortuk, sei orriko txosten batekin abiatuta eta guri ariketa hau herrira ekartzea interesgarria iruditu zaigu, batez ere euskararen baitan kezka nabarmena sumatu dugulako. Bai herriko gazteenengan, bai euskararen erabilpenaren inguruan, herri galdeketan baita ere era batera edo bestera azaleratzen zen gai bat zen, estrategia independentista eta euskara batera zihoazen edo ez. Herriko gazte antolakundeak ere bere kongresuan nazionalki eztabaidatua izan den emendakin bat idatzi zuen gai honekin kezkatuta. Uste dugu, Ezker Abertzaleko hiru antolakundeen ikuspuntua entzun, txostena ulertu eta gure aportazioak egiteko aukera edukita, oso aberasgarria izango dela Peio, Xabi eta Edurneren solasaldia. Zer leku du naziogintzak estrategia independentistan? Independentismoa eta euskara elkarrekin doazen bideak dira? Elkarrizketa piztu, ariketa gauzatu eta gure estrategia independentista martxan jartzeko unea iritsi da eta estrategia bera zehaztea da egikaritzeko lehenengo pausoa.
Euskararekiko dagoen kezka agerikoa da.
Sortu Usurbil: Ezker Abertzaleak ikusi du nolabait egoera definitu beharra. Egoera soziolinguistiko berri honetan kokatu behar dugu, azkenean errealitatea aldatu delako. Horri buruz eztabaidatzeko aukera izango da Usurbilgo saioan.
Birkokatu behar gara panorama aldatu honetan.
H.G.: Eta birkokatzeko jendearen parte hartzea behar dugu. Interesgarria litzateke jasotzea oro har jendeak nola bizi duen hizkuntzaren gaia Usurbilen eta bere egunerokoan, eta horren arabera posizio egoki bat bilatu. Sortuk jada bi mintegi egin ditu gai honen inguruan.
Olatz Altuna: “Euskaraz bizitzea erabaki duenak ez du aukerarik praktika hori egiteko”
Soziolinguistika Klusterreko teknikaria da Olatz Altuna. Apirila amaieran, Usurbil mailako euskararen kale erabileraren inguruan egin ohi duten bost urtean behingo neurketako emaitzak aurkeztu zituen Potxoenean. Zortzi puntu egin du behera euskararen kaleko erabilerak udalerri honetan. Usurbilen bezala, Euskal Herriko beste hainbat lekutan egin dituzte antzeko neurketak, eta nazio mailako emaitzak aurkeztekoak dira uztaila hasieran.
Datuek argi uzten dute Olatzen esanetan, “birplanteatu behar dugula zer egin dugun orain arte”. Duela 20 urtetik hona 185.000 hiztun gehiago ditu euskarak, lorpen mundiala izan dela dio usurbildarrak. “Mundu mailan ez dago beste errealitaterik denbora gutxian hainbesteko hiztun pila irabazi dituenik, baina horrek ez du izan, nahi genuen edo espero zen isla erabileran”, nabarmentzen du.
Kezkagarritzat deritzo erabilerari dagokionean dagoen diskurtsoa. Alegia, euskaraz nahiz gazteleraz mintzatzeko gai izan eta bakoitzak nahi duena egin ahal izatearen diskurtsoa. “Eta justu kontrakoa da” dio Olatzek. “Azkenean euskaraz bizitzea erabaki duenak ez baitu benetan aukerarik praktika hori egiteko”, gogorarazten du.
Testuinguru honetan kokatzen du Olatzek, Sortuk plantzeatzen duen solasaldiko gaia, planteatzen diren kezkak. “Naziogintzan zer leku behar du hizkuntzak? Benetan beste egoera soziolinguistiko batean egoteko non jarri behar dugu indarra? Zentzu horretan oso interesgarria iruditzen zait egin den planteamendua eta baita ere Ernai, gazteen estrategia zein den ezaguntzeko eta baita hain zabala den lan munduan LABek zer planteamendua egiten duen ezagutzeko”.