Agur edo hobe esanda, merezitako "gero arte" festa antolatu eta ospatzen ari dira gaur Zumartekoak, 32 urtez musikarien etxea izan eta hurrengo bi urteotan berritu eta handitzera doazen "Villa Pilarren" omenez. Egun osoz, maila eta instrumentu jotzaile desberdinetako ikasleak igaroko dira, Zumarte atzean, Txaramunto kalean kokatu duten eskenatoki gainetik. Tabernatxo bat ere zabaldu dute. Egun eguzkitsu honetan, itzalpe ederrean herriko musikariez gozatzeko aukera izango da iluntzera arte.
Musika Mintzairako ikasle trebeekin abiatu dute goizean, eraberritze lanak hasteko laster hustu beharko duten eraikinaren aldeko "gero arte" festa. Ondoko irudietan bildu ditugu, jaialdiko lehen uneak.
Gero arte festa
Ekainak 17, larunbata
10:00 Txistulari eta trikitilari-panderojoleak kalejiran.
Musika Eskolaren bueltan:
Egunean zehar, musika eskolaren urteotako ekitaldietako argazki eta bideo proiekzioa Zumarteko eraikinaren barruan.
11:00-13:30 Kontzertuak. Biolin, klarinete, txaranga taldeak, Musika Txokoko ikasleena…
13:30 Bazkari girotua. Jatekoa norberak eraman beharko du, edatekoa Zumartekoek jarriko dute. Taberna txiki bat ere egongo da.
16:00-20:00 Kontzertuak: abesbatzak, txistulariak, pop-rock taldeak…
20:00 Kalejira Eibarko Ustekabe txarangarekin Usurbilgo kaleetan zehar.
21:30 Afari herrikoia udaletxe aurreko plazan. Txartelak 10 eurotan salgai Antxetan eta Zumarten, ekainaren 13ra arte. Menua: Antxeta jatetxeak sukaldaturikoa.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.