Umorea eta ironia modu fin askoan baliatu dituzten erraustegiaren aldeko parodia batekin amaitu da, gaur eguerdian erraustegiaren aurka Donostian egin duten giza-katea. Erraustegiaren "onurak" azpimarratu nahi izan dituzte bertan, Easo plazara joandakoen txistu eta oihu artean. Parodia, giza-katean garraiatu duten erraustegia lurrera botaz amaitu dute, irrintzi eta txalo artean.
"Zer lur utzi nahi diegu gure ondorengoei, osasuna oinarrizko behar bat baldin bada? Ez egin negoziorik gure osasunaren kontura!", eskatu dute. Erraustegia gure osasunaren eta amalurraren aurkako atentatu bat dela gogoraraziz, "ustelak lurpera bizitza da handiena!" oihukatu dute.
"Gipuzkoak ez du erraustegirik behar"
Giza-kateak izan duen harrera ikusita, hunkituta agertu da asteazkenaz geroztik, erraustegiaren aurka Donostiako Easo plazan gose-greban den herritar taldea. Eskerrak luzatu nahi izan dizkiete bertaraturikoei, baita modu berezian haien etxeak ireki eta plazan babesa adierazi dien Amarako auzokideei. Gaurko giza-katean argi ikusi ahal izan da gose grebalarien esanetan, "gu bezalaxe borrokan jarraitzeko asmoa eta indarra duzuela zuek ere".
Ez dutela amore mango, "ez gara geldirik egongo" iragarri dute. Eta bertaraturikoei zuzenduz, "ez etsi!", eskatu diete, "geldituko dugu!". Irabazteko itxaropentsu dira. "Jateari utzi diogu, gu eta gure ondorengoen osasunagatik", baita aipatu dutenez, Foru Aldundiko agintarien osasunagatik ere, ardura printzipioagatik eta proiektu burugabe bati buruz ari garelako.
Asturiasen edota Nafarroan bezala, argi utzi nahi izan dute, "Gipuzkoak ez du erraustegirik behar. Haren tximiniatik irtengo diren gai toxikoen ondorioz, minbizia hartuko duen herritar bakar batek nahikoa arrazoi izan behar luke, proiektu hau geratzeko!". Are gehiago, jakinik, Gipuzkoako hainbat udalerriek erakutsi dutenez, hiri hondakinen %90a birziklagarria dela, eta erraustegiaren eragina kontuan izanda. "Hondakinak erraustea hartu daitekeen irtenbide garestiena eta kutsatzaileena da. Gizakien osasunean ondorio kaltegarriak ditu, bereziki gertu bizi diren herritarrentzat eta zer esanik ez, gertu bizi diren ume horientzat. Eta Europako Batasunak ekonomia zirkularra bultzatzeko neurrien aurka doa gainera bete betean", adierazi dute gose grebalariek gaurko giza-kate amaieran.
Bihar arteko baimena
Gose greba hasi zutenetik Donostiako udalak plaza erabili eta bertan egon ahal izateko denbora tartean jarritako oztopo eta mugak salatu zituen herritar taldeak duela astebete Gipuzkoa plazan egindako agerraldian. Gaur berriz plazaratu dute salaketa bera. Adierazi dutenez, bihar arteko baimena dute Easo plazan geratzeko. Gose grebalarien ustez aldiz, "protesta modu honek beharko luke halako berme bat, egin ahal izateko. Halere esaten dizuegu hemen jarraitu ahal izateko asmoa dugula", adierazi dute. Zenbait ekitaldi deitu dituzte egunotarako:
Donostiako Easo plazako datozen deialdiak
Ekainak 18, igandea
17:00 Munduko dantzak: "Haur, gazte, zein ez hain gazterentzako dantza saio partehartzailea".
Ekainak 19, astelehena
19:00 Hitzaldia: "Zor ekologikoa", Martin Anso idazle eta kazetariaren eskutik.
Ekainak 20, asteartea
17:00 Hitzaldia erraustegiaren inguruetan dauden gerra garaiko aztarnei buruz, Carlos Almorza arkeologoaren eskutik.
19:00 Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietaren hitzaldia.
Ekainak 21, astezkena
19:00 Astebeteko gose-grebaren amaiera ekitaldia. Salda edate kolektiboa.
https://youtu.be/HMZQi0UYMqY
https://youtu.be/1y63tAmePEM
https://youtu.be/Jhnq6TUZAtQ