Erraustegiaren aurkako gose grebaren aurrean dagoen isiltasun informatiboa salatzeko, elkarretaratzea 17:00etan Miramonen

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 19a, 05:40

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu du mobilizazioa. Elkarretaratzea, astelehen arratsalde honetarako, 17:00etan, EITB-k Miramonen duen egoitza atarian. Ekainaren 14az geroztik Donostiako Easo plazan, herritar talde bat erraustegiaren aurka egiten ari den gose grebaren aurrean dagoen isiltasun informatiboa salatu nahi dute hitzordu honetan. "Nozitzen dugun itzalketa informatiboa salatuko dugu Miramonen, EITBren egoitza aurrean!", hala iragarri du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez.

Atxikimendu gehiago biltzen

Hainbat eragile eta herritar dira jada baraualdian diren herritarren gunera gerturatu direnak. Tartean, Zubieta Lantzeneko kideak izan ziren giza-kate egunean. "Alternatiba dagoelako ez dugu nahi gure lurra, osasuna eta ekonomia kaltetzerik. Horregatik, Zubietatik gaur erraustegiaren gezur handiaren aurkako giza-katera etorri gara eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu gose grebalariei", adierazi dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak grabatu dien bideo bidez.

Ainhoa Arrozpide herritarra ere bertan izan zen larunbatean. "Eredu lineal, xahutzaile eta jasangaitz batetik, eredu zirkuluar, efiziente eta jasangarri batera igaro behar dugulako, bide horretan ezinbestekoa da hori oztopatuko lukeen erraustegia bazterrean uztea. Horregatik gose greban daudenei elikatzeko jana ekarri beharrean, nere elkartasuna ekartzera gerturatu naiz gaur", adierazi zuen baita, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak grabaturiko atxikimendu bideoetako batean.

Asteazkenera arte luzatuko dute baraualdia gose grebalariek. Asteburuko giza-katearen edota munduko dantza erakustaldien ostean, ekitaldi gehiago deitu dituzte egunotarako:

Donostiako Easo plazako datozen deialdiak

Ekainak 18, igandea

17:00 Munduko dantzak: "Haur, gazte, zein ez hain gazterentzako dantza saio partehartzailea".

Ekainak 19, astelehena

17:00 Isiltasun informatiboaren aurka, elkarretaratzea EITBren Miramongo egoitza atarian.

19:00 Hitzaldia: "Zor ekologikoa", Martin Anso idazle eta kazetariaren eskutik.

Ekainak 20, asteartea

17:00 Hitzaldia erraustegiaren inguruetan dauden gerra garaiko aztarnei buruz, Carlos Almorza arkeologoaren eskutik.

19:00 Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietaren hitzaldia.

Ekainak 21, astezkena

19:00 Astebeteko gose-grebaren amaiera ekitaldia. Salda edate kolektiboa.

Informazio gehiago: 

erraustuez.org

Facebook: Gipuzkoa errausgailurik habe

Twitter:  https://twitter.com/ErrausAurkMugi