Abisu horian egongo ginela iragarria zuten arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta maila laranjara igo berri du. Alerta laranjan egongo gara beroagatik, bai behintzat gutxienez asteazkenera arte. Temperatura minimo eta maximo hauek espero dira egunotan gure inguru honetan:
-Ekainak 19, astelehena: 20/34 Cº
-Ekainak 20, asteartea: 20/32 Cº
-Ekainak 21, asteazkena: 21/31 Cº
Egunotarako iragarpena:
Ekainak 19, astelehena
"Hegoaldeko haize harroa eta beroa. Tenperatura maximoak kantauri isurialdean nabarmen igoko dira eta zenbait lekutan 35 edo 38 ºC artekoak izango dira, bai ipar partean bai hegoaldean. Goizean eguzkitsu egongo da. Arratsaldetik aurrera bero-hodeiak garatuko dira eta baliteke iluntze partean zaparrada trumoitsuren bat botatzea, batez ere barnealdean".
Ekainak 20, asteartea
"Beroak albiste izaten jarraituko du. Hegoaldeko haizea ibiliko da, baina astelehenean baino indar gutxiagorekin eta tenperatura balio maximoak antzekoak izango dira. Kostaldean arratsaldean brisa sartuko da eta apur bat freskatzen lagunduko du. Zerua, goizean eta eguerdi partean hodei gutxirekin egongo da. Goizaldean eta iluntzean baliteke bero-hodeiak sortzea eta zaparrada trumoitsu batzuk botatzea, bereziki barnealdeko eskualdeetan".
Ekainak 21, asteazkena
"Asteazkenean ildo beretik jarraituko dugu. Tenperaturak ez du aldaketarik jasango, beroenak 32 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta gainerako tokietan 35 ºC ingurukoak. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Arratsaldean bero-hodei batzuk garatuko dira barnealdeko mendi inguruetan. Haizeak hegoaldetik joko du eta kostaldean arratsaldean brisa sartuko da, baina oso leun".
Informazio eguneratua: http://www.euskalmet.euskadi.eus/s07-5853x/eu/meteorologia/home.apl?e=8
Segurtasun Sailaren gomendio nagusiak:
-Ohi baino ur gehiago edan, egarri izan arte itxaron gabe.
-Kafeina, alkohola edota azukre askoko edariak saihestu.
-Elikagai arinak jan.
-Leihoak itxi eta pertsianak jaitsi, eguzkiak jotzen duen orduetan.
-Arropa zabala, arina eta kolore argikoa jantzi.
-Ariketa fisiko bizirik eta luzerik ez egin.
-Arreta berezia izan haur eta adinekoekin.
Irudia: artxibokoa.