Hiru izen propio izan zituen larunbatean, Zumarte Musika Eskolak 32 urteotan musika etxe izan duten Villa Pilar eraikinari eskaini zioen "gero arte" festak; Roman Manterola, Txus Pagola eta Iñaki Mujika. Bestela esanda, Zumarte Musika Eskola, proiektu gisa abiarazi zutenak, Musika Eskolaren sortzaileak. Zuzendaritza batzordea uztera doazen honetan, hiru usurbildarrok merezitako omenaldia jaso zuten ekainaren 17ko jaialdiaren baitan.
Bere bizitzako 32 urte Zumarteri eta usurbildarrei eskaini izanagatik merezitako omenaldi eta txalo zaparrada jaso zuten Manterolak, Pagolak eta Mujikak. "Zumarteren altxorra izan zarete! Bere izen abizenak hizki handiz gorde behar ditugu gure buru eta bihotzetan. Zuen bizitzako 32 urte luze eskaini dizkigute eta hori asko da, gehiegi", adierazi zien guraso, familia eta ikasle guztien izenean, ekitaldiko aurkezpen lanak bideratu zituen Ana Aizpuruak.
Dantzarien aurreskuarekin batera, Lander Urkia errenteriarrak sortutako egurrezko taila oparitu zien eskolak. "Zumarte Musika Eskolak orain arte izan duen izpiritua eta filosofia adierazten du. Zazpi sustrai sendo, bakoitzak bere izaera, elikadura, ongarria eta indarra jartzen diona. Eta hirurak txistu dute enbor eta oihartzun, euskal musikaren tresna dotore eta fina. Txistu horretatik berriz, zazpi nota, adar, seme, herrialde. Zenbat zazpi. Zuek ere xaxpi kide. Eta denak elkartuz zabaltzen eta edertzen joan dira, zuhaitz eder bat osatuz. Milaka hosto, milaka ikasle, milaka zorion zuei, bejondeizuela!", adierazi zien ekitaldiko aurkezpen lanak bideratu zituen Ana Aizpuruak.
Agur modukoa ere izan zen omenaldia. Zumarteren zuzendaritza batzordea uztera baitoaz Iñaki, Roman eta Txus. Musika eskolan ibilbide oparoa izan duten hiru lagunek hartuko dute lekukoa. Zumarteren lehendakari berria Agurne Alkorta izango da, idazkari nagusia Iñaki Zugasti eta diruzaina, Aitor Bautista. Ondoko irudian dituzue hiru lagun omenduak eta erreleboa hartuko dutenak, Zumarteko irakasleekin batera atera zuten taldeko argazkian.
Iñaki Mujika: "Begira zer lortu dugun"
Bertaraturikoen esker ona jasota hunkituta agertu zen, Iñaki Mujika. "Begira zer lortu dugun", zioen. Mujika, Pagola eta Manterola kide zituen hogei bat txistularik abiaturiko proiektu hura, 32 urtez bizitako une on eta izandako giro oso ona goraipatzearekin batera, ekainaren 17ko jaialdian jasotako eskertza hau ordea jende askoren artean partekatu beharrekoa zela oroitarazi zuen. "Milesker bai irakasleei, ikasleei, gurasoei, Udalari eta laguntza eman diguten guztioi", adierazi zuen.
Xabier Arregi: "Herri dimentsioa hartu duen egitasmo kolektiboa izatera pasa da"
Usurbilgo Udalaren izenean, omenaldi ekitaldian parte hartu zuen baita Xabier Arregi alkateak. Jaietan herria esnatzen duen txistularien dianaren irudia baliatu zuen, eginiko lanagatik sortzaileak zoriondu eta eskertzeko. "Txistulari taldeen eginkizunetako bat, lozorroan dagoen herria esnaraztea izaten da. Irudi hori oso egokia da gaurko omenaldi honetarako. Izan ere, duela 32 urte txistulari hauek diana jo eta erabaki zuten Zumarte proiektua piztea, esnaraztea. Harrez gero Zumartek sekulako indarra hartu du. Proiektu bat izatetik herri dimentsioa hartu duen egitasmo kolektibo izatera pasa da", azpimarratu zuen Arregik.
Zumarte komunitatea osatzen zituenak zoriondu zituen. "Eskerrak eman, Zumarte komunitatea osatzen duzuen guztioi eta auzolan horretan aritzen zaretenoi, eta zuei bereziki, Roman, Txus eta Iñaki, halako egun batean diana jo eta Zumarte proiektu eder hau esnarazi zenutelako. Milesker eta segi horrela lanean!".
Villa Pilarren historia
Zumarte Musika Eskolaren 32 urtez egoitza izan duenak, historia luzeagoa du, musikari lotua baita. Bertan bizi zen Pilarren omenez darama eraikinak, Villa Pilar izena, larunbateko omenaldi ekitaldian oroitu zutenez. "Garaiko emakume ausart bat zen. Garai hartan bezala, oso fededuna, abertzalea eta herriari zeharo emana. Herriagatik asko eta asko egin zuena. Musika mailan lan handia egin zuen, musika asko maite baitzuen. Pianoa zuen eta beregana etortzen ginen solfeo hastapenetako ariketak egitera. Abesbatza mailan baita. Asko egin zuen baita batzokian. Orduko neskak prestatu zituen dantzarako. Antzerkilari trebea, antzerki taldeak prestatzen aritzen zena...", oroitu zuen Arantzazu Aranburu herritarrak, larunbatean ospatu zen Zumartekoen "gero arte" festan.
Itziar Illarramendik aipatzen zuenez, "garai hartan ganbaran ezkutuan ikurrina handi eta luze luze bat zuen zeharo bilduta". Loli Maiz herritarrak, bere eskuzabaltasun eta sentiberatasuna nabarmendu zituen.
https://youtu.be/DeD26xNSsd8
https://youtu.be/BObV32CF9sg
https://youtu.be/IJ74V9xJhEg