Donostiako Miramongo estudioen atarian burutu duten mobilizazio honekin, EITBri haien haserrea adierazi diete, ekainaren 14az geroztik Gipuzkoako hiriburuko Easo plazan herritar talde bat egiten ari den astebeteko gose grebaren gaiari eman zaion tratamenduagatik. "Tratamendu oso eskasa, hutsaren hurrengoa ez esateagatik, izaten ari da", dio EITBko arduradunei helarazi nahi izan dieten idatzian.
"Lerro hauen bitartez, objektibotasuna eskatu nahi dizuegu. Arazo honetan dauden bi aldeetako bat gara eta ia egunero gaude kalean gure iritziak eta eskaerako adierazten. Mesedez, guretzat ere arreta gehixeago eskatzea, ez da asko eskatzea izango?", galdetzen dute aipatu idatzian. Elkarretaratzeko pankartak ere horixe eskatzen zuen: "Stop zentsura. Erraustegia manipulazio mediatikoaren sinbolo. Informaziorik gabe ez dago demokraziarik". Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duten gatazka ezkutatzea egozten diote EITB-ri.
Mobilizazioan zehar Ertzaintza bertaratu da, ekimenean parte hartzen ari ziren herritarrek zeuden lekutik kentzeko eskatzera. Baina ondoko irudian ikusi ahal duzuenez, elkarretaratzea egin ahal izan dute EITB atarian. Idatzia ezin izan diote helarazi EITBren zuzendaritzari. Miramondik irteten ari zen langile bati eman diote, hark zuzendaritzara helaraziko duela esanez.
Atxikimendu gehiago biltzen
Hainbat eragile eta herritar dira jada baraualdian diren herritarren gunera gerturatu direnak. Azken orduotan, Hernaniko udal ordezkariak, LAB edota Sortuko ordezkarien bisita izan dute gose grebalariek.
Zubieta Lantzeneko kideak izan ziren baita, giza-kate egunean. "Alternatiba dagoelako ez dugu nahi gure lurra, osasuna eta ekonomia kaltetzerik. Horregatik, Zubietatik gaur erraustegiaren gezur handiaren aurkako giza-katera etorri gara eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu gose grebalariei", adierazi dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak grabatu dien bideo bidez.
Ainhoa Arrozpide herritarra ere bertan izan zen larunbatean. "Eredu lineal, xahutzaile eta jasangaitz batetik, eredu zirkuluar, efiziente eta jasangarri batera igaro behar dugulako, bide horretan ezinbestekoa da hori oztopatuko lukeen erraustegia bazterrean uztea. Horregatik gose greban daudenei elikatzeko jana ekarri beharrean, nere elkartasuna ekartzera gerturatu naiz gaur", adierazi zuen baita, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak grabaturiko atxikimendu bideoetako batean.
Asteazkenera arte luzatuko dute baraualdia gose grebalariek. Asteburuko giza-katearen edota munduko dantza erakustaldien ostean, ekitaldi gehiago deitu dituzte baraualdiaren azken egunotarako:
Donostiako Easo plazako datozen deialdiak
Ekainak 20, asteartea
17:00 Hitzaldia erraustegiaren inguruetan dauden gerra garaiko aztarnei buruz, Carlos Almorza arkeologoaren eskutik.
19:00 Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietaren hitzaldia.
Ekainak 21, astezkena
19:00 Astebeteko gose-grebaren amaiera ekitaldia. Salda edate kolektiboa.
Informazio gehiago:
Facebook: Gipuzkoa errausgailurik habe
Twitter: https://twitter.com/ErrausAurkMugi
Irudia: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.