Aktore zumaiarraren bizitzan oinarrituriko “De agua y chocolate” filma ekoizten ari dira. Zati txiki bat, aurreko ekainaren 16an grabatu zuten Sutegiko auditorioan. “Pelikula baino gehiago, hausnartzera eramango gaituen ikus-entzunezko proiektu bat da. Proiektuaren zutabe nagusia Telmo Irureta da”, adierazi zuten proiektuko sustatzaileek.
Bi ildo jorratuko ditu filmak; batetik Telmoren amaren narrazio bat, Telmoren haurtzaroaz ariko dena. Eta gero, gaur egungo Telmo, aktore nahiz pertsona gisa aztertuko du filmak. “Ezgaitasunaren inguruko bere ikuspuntuak hausnartzera eramango gaitu. Ezgaitasuna hitzari berak buelta bat ematen dio. Ezgaitasunaren aurrean dugun jarreran jartzen du fokua, jarrera bera izaten baita batzuetan ezgaitasunik handiena”, zioten Sutegiko grabazioan. Protagonista, Telmo, kultur etxeko auditorioan bertan zen, baita bere senide, lagunak nahiz filmeko lankideak ere.
Ekoizpen prozesu betean den proiektu honetarako plano labur bat grabatu zuten Sutegin. Aurrez eginiko deialdiari erantzunez, auditoriora gerturatu eta figurante gisa filmean agertuko diren herritarrak, antzerki baten estreinaldiko gonbidatuen papera bete zuten.
Crowfunding proiektuen artean, hautatuta izateko zain
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko crowfunding kanpaina baterako 20 proiektu hautatuko ditu. “Espero dugu horien artean gurea aukeratua izatea, horrek proiektu hau are gehiago zabaltzea suposatuko du”, zioten film honen sustatzaileek Sutegin. Kanpaina honetan parte hartzeko bide ezberdinak egongo dira, aurrerago emango dute zehaztasun gehiagoren berri.