Alerta laranjan sartu gara udan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 21a, 08:09

Asteazken goizalde honetan, 6:24an sartu gara ofizialki udan. Nabari da giroan. Astelehenaz geroztik beroagatik alerta laranjan gara. Gaur ere, "tenperatura minimo/maximoak kostaldean 22/31 ºC ingurukoak izan daitezke, kantauri barnealdean 18/35 ºC ingurukoak" Euskalmet-en iragarpenaren arabera. Badirudi, giro eguzkitsuarekin jarraituko dugula ostegunean ere, baina tenperatura nabarmen egingo omen du behera. Honenbestez, alerta laranjan igaroko dugun azken eguna izango da gaurkoa.

Ekainak 21, asteazkena

"Gaur sartu gara udan. Tenperatura apur bat igoko da; kostaldean 35 ºC-ra hurbilduko gara eta barnealdean 35-37 ºC-ra. Zeruan goizean hodei gutxi izango dugu. Arratsaldean barnealdeko mendi inguruetan bero-hodeiak garatuko dira eta baliteke zaparrada trumoitsu batzuk botatzea. Hegoaldeko haizea ibiliko da eta arratsaldean brisa sartuko da kostaldean".

Ekainak 22, osteguna

"Ostegunean aldaketa batzuk nabarituko ditugu. Egunak aurrera egin ahala haizeak ipar-mendebaldera egingo du; hasieran kostaldean, eta gero gainerako tokietan. Horrela, kostaldean asko jaitsiko da tenperatura. Zenbat eta barnealderago eta tenperaturaren jaitsiera hainbat eta txikiagoa izango da, eta hegoaldean ia ez da aldaketarik nabarituko. Zeruan hodei gutxi izango dugu; arratsaldean eta gauean bero-hodeiak garatuko dira barnealdean eta baliteke zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Kostaldean behe-hodeiak sortuko dira eta gauean ugaritu egingo dira".

Ekainak 23, ostirala

"Ostiralean ipar-mendebaldeko haizeak behe-hodeiak pilatuko ditu ipar isurialdean eta baliteke euri langar pixka bat egitea. Goizaldean eta goizean goiz zaparradaren bat bota dezake, bereziki ipar isurialdean. Ipar-mendebaldeko haizearen ondorioz tenperatura asko jaitsiko da barnealdean. Kostaldean tenperaturaren jaitsiera suabeagoa izango da. Hegoaldean giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus