Osasun arloko euskal komunitate zientifikoak eginiko aurkikuntza zientifikoen transferentzia-tresna izan asmoz sortu dute Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Osagaiz, osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzeko eta ikerketa taldeen lanak ezagutzera emateko aldizkari elektronikoa.
Joxe Ramon Furundarena usurbildarrak zuzentzen du aldizkari berria. Medikua da bera, hematologia eta hemoterapian espezializatua dago, eta EHUko irakaslea ere bada. Lehen zenbakiko editoriala berak idatzitakoa da. Proiektu berriari buruz mintzatu da. "Osasun-arloarekin lotutako aldizkari zientifiko baten beharraz jakitun ginen aspalditik, baina ez genuen une egokirik ikusten, gutxi ginela iruditzen zitzaigulako, formazioa falta zitzaigulako, erronka handiegia iruditzen zitzaigulako…baina azkenean zezenari adarretatik heltzea pentsatu dugu eta OEEren eta UEUren lankidetzari esker jaio da OSAGAIZ, Euskal Herriko osasun-zientzien aldizkari berria", berri eman du Furundarenak. Mediku usurbildarraren esanetan, "ilusio handiz ekiten diogu aldizkari berri honi, aurrekoek egindako bidea osatzeko asmoz eta osasun-arloan euskarak behar duen arnasari aire berria emateko".
Lanak partekatzeko deia
Aldizkaria jatorrizko artikuluekin osatu nahi dute, "eta horretarako, guztioi dei egiten dizuegu espezialitate ezberdinetako lanak bidaltzeko eta denokin konpartitzeko. Gure asmoa ez da punta-puntako ikerlanak argitaratzea, baizik eta edozein espezialitatetakoek ondo ulertuko dituzten lanak plazaratzea. Biltzarretara aurkezten dituzuen lan horiek zertxobait gehiago landu eta bidali aldizkarira, ziur denon interesekoak izango direla. Aldizkarian argitaratuko ditugu,halaber, osasunaren eremuarekin lotura duten gai interesgarrien berrikuspenak, beste aldizkarietan alea argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak, farmakoei buruzko informazioa, liburuzainen aholkuak eta euskarari lotutako informazio interesgarria. Argitaratutakoak egile-eskubideak izango ditu".
Oraingoz, urtean bi zenbaki argitaratzeko asmoa dute. Sarean, sortu duten osagaiz.eus atarian zintzilikatuko dituzte pdf formatuan. Doan irakurri ahalko da. Lehen zenbakiak, Furundarenaren editorialaz gain, osasun zientziei loturiko artikulu interesgarri askoak dakartza; droga berriak merkatu berritzailean, urtebete baino gutxiagoko haurrengan agertutako nerbio-sistema zentraleko tumoreak, listeria, medikamenduen informazioa... Aldizkari honen lehen zenbakia irakurgai duzue jada osagaiz.eus atarian.
Irudia: UEU