"Hemendik oso indartuta goaz", horratx astebetez Donostiako Easo plazan erraustegiaren aurka gose greba egin duen herritar talde batek, atzo arratsaldean, baraualdia amaitu berritan esandako lehen hitzak. Hunkituta, pozik eta esker oneko agertu ziren aipatu plazara bertara, astebeteko protestari amaiera ematera bertaraturikoen aurrean.
Esker ona adierazi zieten, lagundu duten guztiei, antolatu diren ekimenetan parte hartu dutenei, edota modu batean edo bestean babesa eta elkartasuna adierazi dieten denetariko eragile eta norbanakoei. Norbanakoen artean, modu berezian eskertu zituzten Amarako bizilagunak. "Ez genukeen ezer egingo Amarako bizilagunak atzetik izan ez bagenitu", zioten gose grebalariek. Horregatik guztiagatik zioten, astebete honetakoa gose greba huts bat baino zerbait gehiago izan dela.
"Txikitik helburu handiak lor daitezke"
Erraustegia geratzeko esperantza eta indarra badela nabarmentzen dute. "Erraustegia gelditu behar dugu, ahal dugu eta jarraitu behar dugu. Hemen ez da bukatu. Eutsi, esperantza hemen dago eta jarraitu horrela", adierazi zuten. Jendea erraustegiaren aurkako mugimendura batzera deitu zuten, "oso borroka duina baita". Gogorarazi zutenez, "txikitik helburu handiak lor daitezke".
Txalo artean, salda edanez eta Estitxu Eizagirrek sortutako bertsoak abestuz amaitu zuten ekitaldia. "Eskerrik asko bihotz bihotzez, obrak hasi eta gero, zuek gorputzaren bidez egin diozuelako aurre honi, begira ze muntatu duzuen", adierazi zien Eizagirrek gose grebalariei.
Azpimarratu zutenez, astebeteko baraualdia amaitu da bai, baina erraustegiaren aurkako borrokak aurrera darrai.
https://youtu.be/BStyX_gGf1E