Oreka TX-en "Hybrid*K" emanaldiaren entsegu irekia 19:30etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 22a, 08:00

Oreka TX-en Euskal Herri mailako emanaldi esklusiboaz gozatzeko aukera izango dugu ostegun honetan bertan, ekainaren 22an, 19:30etan Sutegin. "Datozen egunetan Txipren ofizialki aurkeztu aurretik, Oreka TX-k Hybrid*K ikuskizun berria prestatzen dihardu Ainu etniako bi abeslarirekin eta hiru dantzari japoniarrekin batera. Hala ere, aurkezpena egin aurretik, entsegu ireki bat egingo du ostegun honetan, ekainaren 22an, Usurbilen. Zita Sutegin izango da, 19:30ean. Oraintsu Txokoalden martxan jarri duten TxTxTx proiektuaren baitan eskainiko dute emanaldia, eta ikuskizunaren ondoren bertaratutakoekin elkarrizketarako tartea utziko dute", berri eman dute Usurbilgo Udaletik. 

Emanaldirako aurrez eskuratu ahalko dira gonbidapenak Usurbilgo Udalean, Sutegin bertan eta liburutegian.

Txalaparta eta txalapartarientzako kabi berria Txokoalden

Txalaparta doinuek biziberrituko dute aurrerantzean, Txokoaldeko garai bateko tren geltokiko eraikina eta baita auzoa bera ere. Maiatzaren 5ean ospatu zuten, Oreka Tx taldeak kudeatuko duen gunearen irekiera ekitaldia. Talde ezagunarena izan baita, Usurbilgo Udalak urte hasieran Txokoaldeko zonalde eder honetan kultur proiektu berritzaileak garatzeko eginiko lehiaketara aurkezturiko proiektu irabazlea. Abiatua duten egitasmoa oparoa izango dela iragarri zuen Usurbilgo alkate Xabier Arregik. Herrira, herritarrengana zabalik izango dena, lankidetzarako aukerak sortuko dituena. 

Aurten 20 urte beteko dituen Oreka TX-eko kide Harkaitz Martinez de San Vicentek, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan garatu asmo duten proiektuaren ardatz nagusiak aurkeztu zituen. "Urteak dira horrelako egitasmo baten atzetik genbiltzala", adierazi zuen. Eta gero, ondoen egiten dakiten hori erakutsi ziguten; kontzertu eder askoa eskaini zuten.

Proiektuaren ardatz nagusiak

-Txalapartarien txokoa: txalapartariak entseguetarako edo lan ezberdinak prestatzeko, elkartzeko gune irekia izango da. "Material ugari dugu (egurra, harriak, banbuak, toberak, bidoiak, zeramika, teilak etab) gure ibilbidean landu eta aztertu ditugunak".

-Sorkuntza prozesuak: "Gure taldeak burutzen dituen proiektuetan, sorkuntza prozesu multi- disziplinar ezberdinak azaltzea eta ikusgai jartzea du helburu. Txokoalden, sorkuntza prozesuan zehar burutzen ditugun entseguak, topaketak, eraikuntzak, tailerra, etab ezagutzea eskainiko luke". 

-Bisita gidatuak: Usurbilgo Udalak, 60. hamarkadako kulturgintza eta sorkuntza garaikidearekin lotutako ondarea ezagutzeko martxan jarritako ibilbide turistikoen baitan, "Txokoalden, txalapartaren iragana azalduko dugu, hastapenak, instrumentuaren garapena, baita gaur egun bizi duen hedapena eta musika estilo ezberdinekin duen lotura ere".

-Txokoaldetik haratago...: "Geltoki" proiektua jendarteratuko dute herriko eragile eta erakundeen artean. 

https://youtu.be/ExOpOwDp3ME

https://youtu.be/i6tfYY2OpDo