Lau leherketa egingo dituzte, Zubietako erraustegiko lanen eremuan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 22a, 14:25

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren Twitter kontuan irakurri berri dugu albistea. Erraustegia eraikitzeko lanen eremuan, laster, hilabete honetan egitekoak dituzten leherketen berri ematen duen ohar bat jasotzen hasi dira Zubietan, aipatu mugimendutik zehaztu dutenez, "erraustegiaren triskantza egiten ari den enpresatik!". Bertan enpresa eraikitzaileetako batek, Moyuak jakinarazten denez, "berriki hasi dira hondeaketa-lanak, Gipuzkoako Ingurumen Gune berriaren obra-planean aurreikusitakoaren arabera. Lurrak mugitzen diren bitartean, lau leherketa egingo dira, nahitaezkoak diren baimen guztiekin". 

Aipatu moduan, hilabete honetan egin asmo dituzte leherketok, "egunez beti, eta Udalari aldez aurretik jakinaraziko zaio zer egunetan eta zer ordutan izango diren, interesdunek informazioa eskura izan dezaten, eskatuz gero. Helbide elektroniko bat edo telefono-zenbaki bat ematen digutenei ere zuzenean helaraziko diegu informazioa".

"Espero dugu sor litezkeen eragozpenak ulertuko dituzuela"

Leherketen harira oharron berri jakinarazten hasi dira. "Leherketak baino lehen, sirena batek joko du ohartarazteko. Soinu-presioaren eta bibrazioen kontrolak egingo dira. Done Jakue Bidea moztuko da", iragarri dute.

Lanon "onurak" nabarmentzen ditu ohar hau zabaltzen ari denak. Hala diote. "Inpaktuak eta eragozpenak txikiagoak izango dira, hondeaketa-lanen epeak murriztuko direnez eta makineria astuna erabiliko denez horiek egiteko. Lan horiek ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean egingo direlakoan gaude, eta espero dugu sor litezkeen eragozpenak ulertuko dituzuela".

Zubietarrei zuzenduriko ohar honen aurrean adi egoteko deia egin du Errausketaren Aurkako Mugimenduak.