Erraustegiaren aurkako manifestazioa ekainaren 29an, Usurbilgo jaien hasieran

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 22a, 10:41

Ate joka ditugun Usurbilgo jaien hasieran, herritarren artean kezka eta haserrea eragiten segitzen duen erraustegiaren aurka mobilizatzeko aukera izango da aurten ere. Txosna batzordeak manifestazioa deitu du ekainaren 29rako arratsaldeko 19:00etan, festak abiatzeko hasiera ekitaldi ofizialaren aurretik. Mikel Laboa plazako txosna gunetik abiatu, Kaxkoko kaleak zeharkatu eta txupinazoa jaurtiko den udaletxe aurreko plazan amaituko da mobilizazioa. 

“Erraustegiko obrak hasi direla adierazi dute, eta guk festetan, usurbildarrok erraustegirik ez dugula nahi aldarrikatuko dugu”, iragarri dute deitzaileek. Iaz antolatu zuen, "Errausketarik ez, ez Zubietan ez inon!" aldarripeko mobilizazioa lehen aldiz txosna batzordeak eta hitzordua arrakastatsua suertatu zen. “Hain mobilizazio jendetsua izatea ez genuen espero. Aurten ia are jende gehiago animatzen den”, hortxe Txosna Batzordekoen gonbita. Hitzordua, ekainaren 29an, arratsaldeko 19:00etan, Mikel Laboa plazako txosna gunean.