Klaseak amaitu, ikaskide edo lankideak agurtu eta oporretan murgiltzeko garaia heldu zaie askori. Baita Esperientzia Eskolakoei ere. Usurbilgo Udalak ikasleei banaturiko diplomekin amaitu zuten aurreko astean Artzabalen, irailaz geroztik abian zuten 2016-17 ikasturtea.
Nabari zen, gustura eta giro ederrean aritu da ikasle taldea. Azken urteotan nabarmen gorantz egin du eskola honetako parte hartzeak. Udalak ere balantze baikorra egiten du 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako hezkuntza egitasmo honetaz. “Gustura zaudetela jakinarazten zaigu eta gu ere bai. Aurrera jarraitzeko gogoz”, adierazi zuen Jone Urdanpilleta zinegotziak, diploma banatze ekitaldian.
Ikasteko grina denona dela gogorazi eta grina horri eusteak duen garrantzia nabarmenduta, Xabier Arregi alkateak zioenez, “asko baloratzen dugu zuek hemen elkartzea, lanean aritzea. Bada hemen giro oso sortzailea. Badugu irudipena hemen egiten duzuen lan hori gero herrian nabari dela. Hori udalak eta herriak asko baloratzen du. Lan asko eta ondo egiten duzue, segi horrela!”.
Ikasteko grinari eutsi eta aurrera begira, emakumezkoekin batera gizonezkoei ere Esperientzia Eskolan parte hartzeko gonbita luzatu zuen alkateak. Ikasle bakoitzari txalo artean jasotako diploma jasoz agurtu zuten ikasturtea. Amaieran, ondoko taldeko argazkia atera zuten guztiek, Artzabal atarian.
Eskola ireki eta parte hartzailea
Irailetik ekainera, astearte arratsaldero bildu ohi dira Esperientzia Eskolakoak, bi orduz Artzabalen. Lagun artean denetariko ikasgaiak jorratzen dituzte. “Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: arnasketak, osasun-zainketa, komunikazioa, informatika, musika, literatura eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik izan beharrik”, nabarmentzen dute Esperientzia Eskolakoek.