Jai Batzordetik, antolaketa eredu herrikoia sustatzen

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 22a, 07:07

Gehienok jai egiteko, hainbat herritarrek gogotik lan egin behar izaten dute jai egunetan, baita aldez aurretik ere. Goraipatzekoa da lerrootan, negu partetik hasita, Jai Batzordeak bideratzen duen lanketa. Eremu eta belaunaldi ezberdinetako herritar eta eragileak bildu ohi dituen (aurten 20 lagunetik gora) lan talde honetan diseinatzen dituzte jaiak.

Herritarren ekarpen eta proposamenetatik abiatzen dute antolamendua, ideiok gauzatzeko beharrezko baliabideen kudeaketa ere bertan bideratzen da. Jai Batzordetik deitzen dituzte egitarau diseinu nahiz txupinazoa nork jaurti hautatzeko lehiaketak, egitaraua ere bertan zehazten da… Hainbat irizpide ere finkatzen dituzte; adin txikikoei eta alkohol kontsumoari, euskararen erabilera lehenesten duten hizkuntz edota berdintasun irizpideak. Sei bilera egin dituzte orain arte, baina zazpigarren bat deitzea ere aurreikusia dute. Festak igarota hain zuzen, balantze modukoa egiteko baliatuko dena. Herritarrak jaien antolaketa erabakien erdigunean kokatzen dituen jaien antolaketa eredu honetan sakondu asmo dute etorkizunean.

JAIEI LOTUTAKO DATOZEN DEIALDIAK

-Uztailaren 1eko zikiro janerako txartelak salgai 25 eurotan (15 eurotan ikasle eta langabetuentzat) Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan.

-Ekainaren 30eko Gazte Egeneko bazkaritarako txartelak aurrez salgai Aitzagan.

Ekainaren 14tik aurrera

20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.

Ekainak 23, ostirala

Egun honen bueltan banatuko Usurbilgo Udalak, Ibai Arrieta usurbildarrak diseinaturiko jaietako egitaraua. NOAUA!k jaietako gehigarri berezia argitaratuko du.

Ekainak 29-uztailak 2

Usurbilgo jaiak. Hurbilago Elkarteak jaurtiko du txupinazoa.