Kezka eta haserrea eragiten segitzen dute Ucin lantegiko ke isurketek usurbildarren artean. Azken egunotan ere hainbat uneetan ikusi eta usaintzeko moduko kiratsa sumatu da herrian. Bizi izan dugun beroaldiarekin are desatseginagoan bilakatu du giroa.
Usurbilgo Udaletik ohartarazi berri dutenez, hirigintza arloko zigor espedientea ireki diote Atxegalde ondoan, N-634 errepideaz bestalde Osinalde industriagunean kokatua dagoen lantegiari. Erabaki hau hartu beharrean aurkitu da Udala, "egoera konpontzeko saiakera jarraituek ez dute fruiturik eman" eta.
“Jakitun gara enpresa honen ke isurketek herrian sortzen duten kezkaz, eta legealdi honetan ere beraiekin harremanetan izan gara problematika horri irtenbidea bilatu nahian. Duela bi urte labe berria jarri behar izan zuten udalaren eskaera jarraituen ostean, eta tarte honetan gure asmoa izan da labe zaharra behin betiko ixtea eta ke-erauzgailu berria jartzea. Negoziaketa luzeak izan ditugu beraiekin, bolada batean hitz onak ere bai, baina aurrerapausurik ez dagoela ikusita, elkarrizketak eten egin dira. Behin eta berriz ari gara egoeraren larritasunaz ohartarazten Eusko Jaurlaritza, beren interbentzioa eskatzen eta gure inplikazioa eta laguntza eskaintzen. Bien bitartean hirigintza arloko zigor-espedientea irekitzea erabaki dugu”, azaldu du Xabier Arregi alkateak.