Askok ezagutuko duzue “Beldu barik”. EAEko erakunde ezberdinek, tartean Usurbilgo Udalak bultzatu eta indarkeria sexista prebenitzeko 15-26 urte arteko gazteei zuzenduriko egitasmoa da. Helburu argi bat du, “Beldur Barik jarrera bultzatzea”, egitasmo honetan aurreikusten diren ekimenen bidez. “Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldaketarako konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dituzten jarrerak”, horixe litzateke Beldur Barik jarrera izatea.
Usurbilgo Udalak ikusgarri egingo du egitasmo hau, datozen hilabeteotan ospatuko diren herri eta auzoetako jaietan. Batetik “Beldur barik” kartelak jarriko dituzte jai guneetan, eta pegatinak banatu txosna zein tabernetan, baita jende gehien biltzen dituzten ekitaldietan ere. Informazio gehiagorako: beldurbarik.org
“Eraso txikiena ere ez da onartuko”
Jai parekideen aldeko konpromiso argia berresten du Udalak ekimen honekin. Festetan denok ondo pasa, beldurrik gabe jai giroaz lasai asko gozatu eta denok gure espazioa izatea bermatu nahi du. Testuinguru horretan, Parekidetasun Saileko teknikari eta zinegotzia ekainaren 12an jai batzordeetako kideekin bildu ziren Potxoenean. Irizpide batzuk finkatu ziren bilera informatibo honetan. Erasorik gabeko jaiak izatea nahi dute, “eraso txikiena ere ez da onartuko”. Gertatuko balitz ordea, nola jokatu, norengana jo, zer egin jakiteko protokolo bat helarazi die Udalak Jai Batzordeei.
Lan honetan sakontzeko asmoa dute irailetik aurrera. Udalak onartua duen 2020. urtera arteko 2. Berdintasun Planean aurreikusten diren ekimenak garatu, eta oro har, gai honi buruz aritzeko ere herritarren gune bat osatzekotan dira udazkenetik aurrera. Argibide gehiagrako: Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Saila/ 943 377 110/ parekidetasuna@usurbil.eus
Jai parekideen alde finkaturiko irizpideak:
-Jai Batzordeak jarritako idatzi, iragarki, ohar eta diruz lagundutako jardueran argitaratuko dituen gainerako jakinarazpenetan, hizkuntzaren eta irudiaren erabilera ez sexista bermatuko da.
-Pertsonen irudiak erabiltzerakoan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatuko dira.
-Ekintza jakinetan megafonia bidez igorritako mezuek ez dute kutsu sexistarik izango.
-Jai Batzordearen lan banaketa orekatua izango da, estereotipoak apurtzea bilatuko duela bermatuko du eta hori horrela izaten ez denean, neurri zuzentzaileak landuko dituzte.
-Jai Batzordearen zuzendaritzari eta gauzatzen dituen ekintzei begira, baloratuko da: sexu rolak eta estereotipoak hausten laguntzen duten ekimenak; emakumeen ahalduntzea eta autonomia sustatzen dutenak; emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan sentsibilizazio edo prebentzio ekimenak.