Ibai Arrietarena, Usurbilgo festen egitarauko diseinua

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 23a, 11:15

Zer ote dakarte Usurbilgo jaiek? Usurbilgo Udalak jada argitara eman eta etxez etxe banatzen ari den jai egitarauari esker jakin ahalko duzue. Egitarau diseinua, lehiaketa bidez hautatu da. Ibai Arrieta usurbildarrak irabazi du aurtengo txapelketa, eta berak eman dio forma eta itxura festetako programari.

Lehiaketan parte hartzen zenuen lehen aldia izan da?

Ibai Arrieta del Pico: Aurkezteko saiakerak azken urteetan ia urtero egin izan ditut, baina kontu bat eta beste, denbora faltan egon eta azkenean ez dut lanik aurkeztu izan. Lehen aldia izan da aurtengoa.

Lehiaketa irabazita, pozik ezta?

Pozik bai. Orain arte erabat autodidakta izan naiz. Argazkilaritzan dudan ezagutzan oinarrituta, diseinuko hainbat herraminta nire kasa ikasi izan ditut. Lehiaketa honetarako diseinu lana aurkezteko bezperatan diseinuko herraminta bati buruzko ikastaroa bukatu berri nuen eta lagungarria suertatu zait. Orain arte disko karatularen bat diseinatu izan dut. Azkena Ion Markel Saez de Urabain herritarrarekin elkarlanean, Rukula herriko taldearen diskoaren azaleko argazkiak eta diseinua. Egon dira beste batzuk aurretik; Hotzikara, Desegin,… Lagunei eginiko mesedetxoak.

Duzun argazki artxibo zabaletik abiatzen da lehiaketa honetara aurkeztu zenuen diseinu lana.

Hainbat urtez herriko festak jarraitu izan ditut argazki kamera lepoan nuela eta material dezente bildua dut. Horrek argazkia oinarri hartuta diseinu lan bat bultzatzea asko erraztu dit. Hortik abiatuta egin dut lan hori.

Argazkien aukeraketa erraza izan al da?

Ez. Urte askoan egunero kamera gainean nuela ibili izan naiz. Artxibo mordoa dago. Balekoak ez hainbeste, baina espero ez zenuen argazki altxor hori hor dagoen ikusteko denak begiratu behar dira.

Irizpide konkretu batzuk betetzen dituzte egitaraurako hautatu dituzun argazkiek? Herritarrak agertzea bai behintzat.

Bai. Azkenean, herriko festak, egitaraua edo programa ofizialetik aparte, egun horietan kolore berezi bat hartzen du herriak, eguneroko monotonia horretatik atera egiten da eta ateratzen den herritarrak bere irribarrea edo bere alaitasunarekin aportazioa, bere kolorea ematen dio herriko festei.

Egitarau koloretsua horren emaitza.

Alde batetik koloreekin aniztasuna edo kolore bateko festak ez direla, denon festak direla islatu nahi izan dut. Bertan agertzen diren pertsonak edo jendea ondo pasatzen ari da, edo festako une bateko egoera bat da. Hori da azkenean festaren oinarria; herritarrak bere alaitasuna herriari eskaintzea, festa eder batzuk eginez.

Hautatu duzun formatuaz zer esan dezakezu?

Formari begira ez dut berrikuntza handirik egin; egitarau txikia, eraman erraza, sinplea. Helburua, egitaraua irakurtzen duenak orri bakoitzari edo egun bakoitzari bere denbora eskaini ahal izatea da.

Esperientzia errepikatzekotan?

Deia egin nahi nieke lehenik eta behin herritarrei, halako ekimenetan parte hartu dezaten. Denok ditugu herramintak gaur egun, etxean halako gauza politak egiteko. Garrantzitsuena, gogoa eta sormena izatea da. Egia da egunerokotasunean halako lan batean aritzen ez garenok agian ez dugula halako erraztasuna, denbora bat ematen du. Kasu honetan denbora bat eman dit bereziki argazki deskartean, gero muntaketan. Datorren urtean ideia freskorik bada, edo denboraz ondo bagabiltza primeran, aurkeztuko gara.

Jaiotan kamera hartuta ikusiko zaitugu berriz?

Ahal den neurrian gozatzen saiatuko naiz, lanak uzten didan heinean. Ohitura den bezala, kamera gainean izaten saiatuko naiz.